300 gazte baino gehiagok parte hartu dute Busturialdeko gazteentzako ekimenetan
Beka programa baten bitartez, 18 eta 25 urte bitarteko hamar gaztek eskualdeko enpresetan praktikak egiteko aukera izan dute.
Eskualdeko udaletako gazteria zerbitzuek 14 urtetik 35 urtera bitarteko gazteei zuzendutako hainbat formakuntza eta ekitaldi sustatu dituzte 2018. urtean zehar Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera. Hain zuzen, Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalak izan dira ekintzak bultzatu dituztenak.
Guztira, eskualdeko 309 gaztek parte hartu dute ekintza desberdinetan, eta horien artean, 18 eta 35 urte bitartekoak izan dira enpleguarekin zerikusia duten jardueretan gehien parte hartu dutenak.
Burututako ekimen guztien artean, ‘Lana bilatzea, Lana da’ lemapean burututakoa izan zen arrakastatsuena iaz; izan ere, lan merkatuan sartzeko laguntza eskaintzen zien gazteei. Arduradunen berbetan enplegu gabeko gazteei laguntzea izan zen ekimen horren asmoa: “Lanik gabeko gaazteei edota lehenengoaz lanean hasteko zeudenei laguntzea izan da gure helburua, baita ekintzailetza sustatzea ere”. Ekintzailetza bultzatzeko, baina, Busturialdeko Enpresa Ideien Lehiaketa egin zuten, bosgarrenez; hamahiru proiektu aurkeztu zituzten eskualdeko gazteek.
Busturialdeko Gaztedi Bekak ere bultzatu zituzten gazteria zerbitzuek. “Ekimen horrek inolako lan esperientziarik izan ez duten 18 eta 25 urtera arteko gazteei, eskualdeko enpresen bitartez, trebatzeko aukera eman die”, azaldu dute. Gainera, aukera horrek bekadunen %85 hainbat erakunderen langile zerrendetan sartzea ahalbidetu duela zehaztu dute.
Ikastaroak. Ekimen desberdinak bultzatzeaz gain, gazteei zuzendutako formakuntza ikastaroak ere burutu zituzten iaz. Keinu hizkuntza eta psikomotrizitatea izan ziren hasiera bateko aurreikuspen guztiak gainditu zituztenak.
Horiez gain, logistika, komunikazioa, marketinga edota sare sozialen arriskuak ekiditeko ikastaroak burutu zituzten. Sare sozialei buruzko ikastaroak 236 ikasle bildu zituen, 14 urtetik 16 urtera artekoak; Barrutialdeko, Gernika-Lumoko Institutuko eta Bermeoko Institutuko ikasleak gerturatu ziren.