Erregina Kopan "gozatu" egin gura du Lointek Gernika Bizkaiak
Otsailaren 28tik martxoaren 3ra Arabako hiriburuak hartuko du Erregina Kopa, eta gaur Busturiko Ekoetxea Urdaibain aurkeztu dute lehiaketa horretara talde gernikarrak eramango duen ekipamendu berria.
Otsailaren 28tik martxoaren 3ra Arabako hiriburuak hartuko du Erregina Kopa, eta gaur Busturiko Ekoetxea Urdaibain aurkeztu dute lehiaketa horretara Lointek Gernika Bizkaiak eramango duen ekipamendu berria.
IDK Gipuzkoaren aurka estreinatuko dute final laurdenetan “berritzailea” eta Europan oso erabilia ez den maga laburdun kamiseta berria. Derbi “gogor” baten moduan deskribatu du lehenengo partidu hori Mario Lopez Lointekeko entrenatzaileak; martxoaren 1ean (barikua) jokatuko dute 19:30ean. “Hil ala biziko partidua izango da, final baten modukoa”, aitortu du entrenatzaileak.
Ez direla faboritoak dio Lopezek, Dia Ligan IDK Gipuzkoaren aurka jokatu zuten partidua galdu egin zutelako: “Denboraldi honetan euren aurka jokatu dugun partidu bakarra ligakoa izan zen, eta galdu egin genuen. Ondo ezagutzen garen taldeak gara, baina aldaketa asko egin ditugu azkenaldian bi taldeok”. Hala ere, gozatzeko norgehiagoka izango da lehenengoa: “Gozatzeko partidua izango da, bai publikoarentzako zein guretzako. Asko sufrituko dugu”.
Derbiak eta kopako partiduak zelakoak diren ikusita, norgehiagoka “berdintsuak, lehiatuak eta bizitasun handikoak” aurreikusi ditu, “lehenengo partidutik hasita”. Final laudenak igaroz gero, finalaurrekoetan “seguraski” Perfumerias Avenidaren aurka jokatu beharko dutela uste du entrenatzaileak: “Oso talde indartsua da, eta egin duen fitxaketa berriagaz kalitate handiko saltoa eman du; oraindik eta handiagoa”.
Jarraitzaileen laguntza. Gasteizen otsailaren 28an hasiko da Erreginaren Kopa, eta martxoaren 1ean jokatuko du talde gernikarrak. Arabako hiriburuan jokatzea abantaila da, gertu dagoelako eta hori aprobetxatu nahi du Lopezek: “Ez gaude denboraldiko gure momentu onenean, eta jarraitzaileen laguntza beharrezkoa izango da. Jarraitzaileek taldeari bultzada ematea espero dugu, eta gertutasuna aprobetxatu egin behar dugu”.
Amaia Lezamiz Gernika Kesbeko lehendakariordea ere egon da Ekoetxean, eta Vive markak diseinatutako kamiseta berriak aurkeztu ditu: “Emakumezkoen saskibaloian ikusten ez den kamiseta da. Sponsorrak eta Erreginaren Kopako logoa ditu”. Gainera, marka horrek jarraitzaileei egindako kamisetak oparitu dizkiola taldeari jakinarazi du, eta bonoekin batera banatuko dituztela argitu; momentuz 150 bono inguru saldu dituzte.
Kamisetak aurkezteaz gain, Urdaibaiko Patronatuak eta Lointek Gernika Bizkaiak harremanak estutu dituztela azaldu du Lezamizek; Patronatua saskibaloi taldearen sponsorra izango da aurrerantzean. Nicolas Garcia patronatuko zuzendariak Lointekek Urdaibai Patronatua Erregina Kopara eta inguruko ikastetxeetara eramango duela azaldu du: “Bisitatuko dituen lekuetan argazkiak banatuz”.
Taldearen eta patronatuaren arteko “lehenengo pausoa” dela hau azaldu du Carciak: “Ilusioz betetako ibilbidearen hasiera besterik ez da hau. Izan ere, Urdaibaiko erreserban bizi direnen ongizatea bultzatu gura dugu, kirol ekintzak bultzatuz eta berdintasunaren alde eginez. Horrela, gizarte berdintsuago baten alde egiten dugulako”.
**
Erregina Koparako egun bakarreko sarrerak salgai jarri dituzte. Erreginaren Kopako abonuek “arrakasta” izan dute, dagoenerako %80 saldu baitira. Hala, eserleku libreen kopurua mugatua denez, egun bakarreko sarrerak saltzen ari dira orain. Partidu guztiak ikusteko sarrerak oraindik ere saltzen dabiltza.
Hain zuzen, www.copareinavg2019.com webgunean edota www.copareinavitoriagasteiz2019.com tiket plataforman erosi ahal dira sarrerak.