"Herria mugiarazteko", herria gelditu gura dute emakumeek martxoaren 8an
Emakumeen Egunerako 24 orduko greba feminista deitu du mugimendu feministak, eta Gernika-Lumoko emakumeek deialdiagaz bat egiten dutela argi azaldu zuten atzo Merkatu plazan. Zaintzaileen, langileen, pentsiodunen, ikasleen eta kontsumoaren greba izango da martxoaren 8koa.
Martxoaren 8rako 24 orduko greba feminista deitu du mugimendu feministak, eta Gernika-Lumoko emakumeek deialdiagaz bat egiten dutela argi azaldu zuten atzo Merkatu plaza aurrean: “Errealitate ezberdinetatik hitz egiten dugun emakumeak gara, eta bizi dugun alde ezberdinetako zapalkuntzari planto egiteko deialdia egitera gatoz”. Hala, zaintzaileen, langileen, pentsiodunen, ikasleen eta kontsumoaren greba izango dela Emakumeen Egunekoa aurreratu dute.
Horregatik, komertzioak izteko eta irekita dauden horietan ez kontsumitzeko deia egin diete herritarrei. Herria gelditzeko asmoa dute emakumeek; “gero herria mugiarazteko”. Heteropatriarkatuak zapaltzen dituen emakumeak daude grebara deituta: “emakumeak, bollerak eta transak”.
Greba feministak bizitzako esparru guztietan eragin gura du aurten ere: Soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan, edota jakintzak ekoizteko eran. Hau da, grebagaz, zapalkuntza guztiei aurre egin gura diete emakumeek. Hori dela eta, martxoaren 8an bazterkeria jasatzen duten emakume guztiak egongo direla erdigunean aitortu dute: “Heteropatriarkatu kapitalistak baztertutako emakumeok hartuko dugu herria. Bost ardatzetan banatutako greba burutuko dugu: zaintzaileena, langileena, pentsiodunena, ikasleena eta kontsumoarena”.
Martxoaren 8ko aldarrikapenekin, bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa edukitzea eskatuko dute emakumeek. Eta hori lortzeko, zaintzaren berrantolaketa soziala beharrezkoa dela diote, “pertsonen zaintza zapalduen bizkarrean geratu ez dadin”. Gainera, lan merkatuan zein horretatik kanpo emakumeek pairatzen duten prekarietateagaz bukatzeko eskatuko dute. Bai eta biolentzia matxistagaz amaitzeko ere. Horrez gain, koloniarismoaren aurrean emakumeek beraien gorputza, lurraldea eta lurra defendatzeko arrazakeria eta gerrarik gabeko bizitzen alde egingo dutela jakinarazi zuten atzoko agerraldian.
Iazko legez, grebagaz bat egiteko hainbat modu daudela aurreratu dute Gernika-Lumoko emakumeek. “Greban parte hartzeko modu ezberdinak izango ditugu aurten ere: Lantoki eta ikastetxeetan greba eginez, zaintza lanak utzi eta balkoian amantala eskegiz, grebagaz bat egiten dugula adierazteko besoko morea edo txapa jarriz, edota mobilizazio zein asanbladetan parte hartuz”.
Gizonezkoei martxoaren 8an zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartzeko eta antolatzeko ere eskatu diete: “Norberaren eginkizunetarako eguna hartu eta inguruan dituzten zaintza lanak bere eginez edota lantoki zein herrietan zaintza gune komunitarioak antolatuz”.
Errealitate ezberdinak. Era ezberdinetako zapalkuntzak sufritzen dituzten Emakumeen Eguna izango da hurrengo hilabetekoa, eta errealitate ezberdin hori eskualdeko herrietan ere ematen dela plazaratu zuten atzo. Hala, emakume pentsiodun batek kapitalismoaren aurrean planto egiteko unea “orain” dela adierazi zuen: “Kapitalismoak langileon miseria eragiten duelako, eta lan antolaketaren oinarrian kokatzen dituelako emakumeok musutruk egiten ditugun etxeko lanak eta zaintza lanak”.
Bere aldetik, ikasle gazte batek patriarkatuak emakumeen “dominazioa” dakarrela esan zuen. Hori argudiatzeko, patriarkatua gizonek eraikitako botere sistema dela adierazi zuen. Halaber, ama gazte batek heteroarauen aurrean planto egingo duela argi dio: “Heteroxesualitatea ez da soilik desira edo orientazio kontu bat, sistemak behar beharrezkoa duen egitura baizik. Arauaren bazterrean kokatzen garenok LGTBIQ+ fobiaren bitartez zigortzen gaituzte. Horregatik, guk heteroaraurik gabeko bizitza eredu anitzak aldarrikatzen ditugu”.
Kolonialismoa ere salatu zuten emakumeek. Udalerriko dendari baten berbekin, kolonialismoak pentsamendu bakarra eta unibertsala inposatzen duela esan zuten: “Kolonialismoak ideia, arraza, kultura, sinesmen, hizkuntza eta genero desberdinak diskriminatzen ditu”.
Hala, udalerriko emakumeek errealitate desberdin guzti horiek salatzeko asmoz, kalera irten eta 24 orduko greba egitera dei egin diete emakume guztiei.