Euskaraldiari amaiera emango diote eatarrek, zapatuan
Euskaraldiari agur esateko, '11 egun euskaraz' ekimenean parte hartu nahi duten herritarrekin solasaldia egingo dute Ean. Lehenago, bertaratzen direnei hitzaldia emango die Kike Amonarrizek.
Azaroaren bukaeran euskara herritar guztien ahotan zegoen Euskal Herriko txoko gehienetan. Euskaraldia pil-pilean zegoen, eta euskaraz jarduteko ariketa horri “errematea” emango diote zapatuan, Ean. 12:00etan jarri dute hitzordua Eskolondon, eta bi zatitan bukatuko dute saioa.
“Euskaraldiari amaiera emateko ariketa polita da. Aurrerantzean egingo dugunari buruz jarduteko, amaiera eman behar diogu lortutakoari”, adierazi du Eako euskara saileko arduradunak. Hausnarketekin hasteko unea dela dio arduradunak, euskararen plan estrategiko berriagaz hasiko baitira aurten.
Balorazioa, zapatuan. Kike Amonarrizen hitzaldiagaz hasiko dute zapatuko saioa. Amonarrizek Euskaraldiari buruzko datu orokorrak emango ditu, bai eta Eakoak ere. Besteren artean, zenbat belarriprest eta ahobizi egon diren kontatuko du, baita aurrerantzean emango diren pausoak zeintzuk izango diren ere.
Gero, eatarren txanda izango da. Udalerriko 11koan parte hartu duten zenbait belarriprest eta ahobizik beraien esperientzia kontatuko dute. “Zelan bizi izan zuten esperientzia azalduko dute, baita beraien egoera aldatu den edo ez”, dio euskara saileko arduradunak.