Preston, Viñas eta Irujo historialariek jasoko dute Gernika saria
Bonbardatzeari buruzko hainbat ikerketa egitearren hartuko dute saria. Christos Stylianides Laguntza Humanitario eta Krisien Kudeaketarako Europako Batzordeko komisarioari ere emango diote, giza eskubideen alde erakutsitako konpromisoagatik.
Paul Preston, Angel Viñas eta Xabier Irujo historialariek jasoko dute aurten Gernika Saria. Berria egunkariak eman du albistea gaur eguerdian, eta Christos Stylianides Laguntza Humanitario eta Krisien Kudeaketarako Europako Batzordeko komisarioari ere emango diotela ere aurreratu du, giza eskubideen alde erakutsitako konpromisoagatik.
Gernika-Lumo bonbardatu zuten 1937.urtean, eta bonbardatzeari buruzko hainbat ikerketa egitearren jasoko dute sari hori historialariek. Beraien lana aitortu gura izan die Gernika sarietako batzordeak. Gernikako bonbardatzea modu zientifikoan landu dute historialariek, “historiaren zientzia eta egiazkotasuna oinarri hartuta”. Batzordeko kideentzat historialarien lana “ezinbestekoa” izan da udalerrian 1937an gertatutakoa ezagutarazteko.
Stylianides Europako Batzordeko komisarioa giza eskubideen alde erakutsitako konpromisoagatik sarituko dute. Bereziki, Jordaniako errefuxiatu eremuetan egindako kudeaketa lanagatik hartuko du saria; 40.000 pertsona lagundu zituen Jordaniako Azrag errefuxiatu eremuan.
Jose Maria Gorroño alkatearen Euzko Abertzaleak taldeak azkeneko unean egindako proposamena izan da aurrera egin duena. Gaur goizean elkartu da epaimahaia, alkatetzan. Batzordea osatzen duten gainerako taldeetako batzuek ere aurkeztu dituzte hautagaiak: Gernika Batzordeak, Gernikatik Mundura elkarteak eta Gernika Gogoratuz fundazioak. Pforzheim-eko Udala (Alemania) ere bada batzordeko kidea, baina aurten ez du sarietarako proposamenik egin.
Gernika Batzordeak, esaterako, Jonathan Powell Erresuma Batuko lehen ministroaren kabineteburu ohi eta diplomazialaria, David Harland Henri Dunant Suitzako fundazioko zuzendaria, Brian Currin HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko presidentea eta Ram Manikkalingam NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko presidentea proposatu ditu, “euskal gatazkaren konponketan egin duten lanagatik”. Proposamen horrek, baina, ez du aurrera egin.
Ohi bezala, apirilaren 26an banatuko dituzte sariak Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenean. Iaz, Daniel Barenboim orkestra zuzendariak eta Helena Maleno kazetari eta ikerlariak jaso zuten saria.