Katuak esterilizatzeko eta kontrolatzeko kanpaina jarri du martxan Gernika-Lumoko Udalak
Katuen harrapantze, antzute eta askatzean zentratzen da kanpaina hori; katuak gero, kolonia berean utziko dituzte. Udalerriko bolondres talde bategaz eta albaitari zerbitzuagaz burutuko dute.
Katu koloniak kontrolatzeko eta esterilizatzeko kanpaina abiarazi du Gernika-Lumoko Udalak. Ekimenagaz katuak harrapatu, horiei bizkarroiak kendu, emeak antzutu eta arrak zikiratu egingo dituzte, “gero solte uzteko”.
Udalak bolondres talde bategaz eta udalerriko albaitari zerbitzuagaz jarri du martxan CES programa. Katuen harrapantze, antzute eta askatzean zentratzen da; gero, katuak kolonia berean uzten dituzte.
Gernika-Lumoko Udaleko arduradunek diotenez, metodo horregaz katuen koloniak neurriz gutxitzen joango dira udalerrian, “beraien ugalketa ekiditu egiten delako”. Osasun aldetik ere kontrolatuta egongo direla aurreikusi dute.
Programagaz herritarren eskaerei erantzuna eman dietela argudiatu dute arduradunek: “Herriko zenbait tokitan jaberik gabeko katuen koloniak daude, eta herritarrek beraiek elikatzen dituzte”. Hala, animaliok osasuntsu mantendu gura dituzte arduradunek, “katu gaixorik egon ez dadin eta umealdi bereko katu txikiak hil ez daitezen”.
Gernika-Lumoko Udalak herritarrei programa burutzeko laguntza eskatu die, bai eta katuei minik kalterik ez egiteko ere.
Metodo berria. Munduko Osasun Erakundeak kale katuak kontrolatzeko onartutako metodologia da honakoa, “ekimen berria”. Dagoeneko Euskal Herriko zenbait hiritan egiten da, eta hurrengo urteetan iraupena izango duela diote.