Besarkada bategaz migrazio politikak salatuko dituzte maiatzaren 5ean
'M5: Herrien arteko besarkada' proiektua aurkeztu zuten atzo Gernika-Lumon eta Bermeon. Ekimenagaz Europar Batasunaren eta hori osatzen duten gobernuen migazio politikak salatu gura dituzte.
‘M5: Herrien arteko besarkada proiektua aurkeztu zuten atzo Gernika-Lumon eta Bermeon. Ekimenagaz Europar Batasunaren eta hori osatzen duten gobernuen migazio politikak salatu gura dituzte. Kanpaina maiatzaren 5ean 12:00etan besarkada bategaz bukatuko da Durangon, bertan egingo baita Bizkaiko ekitaldi nagusia. Zapatu honetan, baina, Zubien arteko besarkada ekintza egingo dute Bilbon.
Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak ezagutarazi zuen atzo ekimena Astran eta Kabidxen, eta Europa mailakoa izatea aurreikusi dute. Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Caravana Abriendo Fronteras taldeen elkarlana da honakoa.
“Europar kontinentean eskuin muturra indarra hartzen ari da, eta horren aurka egin gura dugu; neofaxismoaren kontra”, azaldu zuten arduradunek. Egoera horien aurrean, gizatasunaren eta migratzaileen alde egingo dute, bai eta errefuxiatuei Europan harrera egitearen alde ere. Izan ere, euren berbetan, gaur egun ezinbestekoa da “bazterkeriazko eta gaitzespenezko politika instituziolanari” aurre egitea. “Europa sozialaren porrotaren, eskubide murrizketaren eta demokraziaren krisiaren aurrean eskuin muturreko indar neofaxistek proposatzen duten bizimodu ankerra geldiarazi behar dugu”, diote taldeek.
Atzoko ekitaldian bazterkeriazko politika horien kontra egingo zutela argi esan zuten: “Denok izan gara migratzaileak. Gure arbasoek migrazioen, erbestaren eta berdintasun ezaren mina eta miseria jasan zituzten”. Hala, egoera hori pairatzen duten pertsonenganako elkartasuna adieraziko dute M5 proiektuagaz, “pertsona horiek gure gizarteko partaide kontsideratzeko”.
Eskaerak. Egoera horren aurrean, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Caravana Abriendo Fronteras taldeek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala betetzeko exijitu dio Europar Batasunari, “migratzaile guztiak askatasunez mugitzeko aukera eduki dezaten”. Gainera, egungo politika ekonomiko eta komertzialak errotik aldatzeko giza eskubideekin bat datozen migrazio politikak burutzeko ere eskatu diote.
Izan ere, talde biek adierazi dutenez, migratzaile eta errefuxiatuak Europara hurbiltzea “positiboa” da: “Aberastu egiten dituzte gizarteak, gure bizimoduak eta besteenganako ditugun jokabideak. Indartu egiten dute desberdinen arteko bizikidetza eta bultzada ematen diete elkartasun eta berdintasun prozesuei”.
Proiekzioa. M5 kanpainaz gain, errefuxiatuek bizi duten egoera zein den erakusten duen Ongietorri dokumentala proiektatu zuten atzo Bermon eta Gernika-Lumon. 2017an Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean egindako herri-mobilizazioa eta gero, herritarrak sentsibilizatzea helburu du dokumentalak.
Instituzioen “utzikeria” salatzeaz gain, euskal herritarrak emigranteei ondo etorria emateko prest daudela azaltzen du ikus-entzunezkoak. Fermin Aio da zuzendaria, eta Ongietorri dokumentalagaz herritarren sentsibilizazioa bultzatu gura du: “Ikus-entzunezkoa bukatzerakoan bakoitzak bere buruari egoera horren aurrean zer egiten ari den galdetzea gustatuko litzaidake”.
Gernika-Lumon egindako martxari buruzko ikus-entzunezko bat egitea eskatu zion Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak 2017. urtean. Martxako irudiak soilik jaso beharrean, udalerrira hurbildutako jendeari beraren istorioak kontatzea eskatu zioten. Hala, elkarrizketatuko 25 pertsonek istorio bakarra kontatzen zutela ohartarazi zen.
Dagoenerako dokumentalaren 15 proiekzio gehiago aurreikusi ditu ikastetxe, unibertsitate edota herrietan.