Turistek gero eta denbora gehiago igarotzen dute Gernika-Lumon
Bisitariek Gernika-Lumon igarotzen duten denbora eta egiten duten gastua gero eta handiagoak dira. Batez beste, hamar euro gastatzen dituzte udalerrian. Egonaldiak, berriz, bost ordutakoak dira.
Bisitariek Gernika-Lumon igarotzen duten denbora eta egiten duten gastua gero eta handiagoak dira. Batez beste, hamar euro gastatzen dituzte udalerrian. Taldeka hurbiltzen direnek, baina, hiru aldiz gutxiago gastatzen dute; hiruna euro bakoitzak. Egonaldiak, berriz, bost ordutakoak dira. 2012. urteagaz alderatuta, bikoiztu egin da turistek udalerrian ematen duten denbora; lehen bi ordu eta erdi gelditzen ziren-eta.
Guztira, egun osoa eta egun erdia bertan ematen duten bisitarien kopurua %72 da. Datu hori egonaldia planifikatzen duten turisten antzekoa dela jakinarazi dute udalerriko turismo arduradunek, “bisitarien %70ak planifikatzen baitu egonaldia”. Gainera, 2018. urtean bisitarien %53k egun erdia hamabost minututan egiten den ibilbidean igaro zutela ere zehaztu dute, 2015ean baino %4 gehiago.
Ostatu hartzen duten bisitarien kopurua ere areagotu egin da, eta beraien egonaldia luzaroagoa denez, beraien eragin ekonomikoa ere handiagoa da. Batez beste, egonaldiko 93 euro gastatzen dituzte, 2017. urtean baino eguneko zortzi euro gehiago.
Udalerriko turismo ordezkarien ustez, ondorioa argia da: “Gernika markari buruzko iritzia gero eta hobea da”. Turismo arduradunentzako, udalak memoria historikoa landu izana da emaitza horien arrazoietako bat: “Memoria historikoa lantzeko orduan, azpimarragarria da bonbardaketaren ibilbidean kokatutako Pasealekuko eta Astrako babeslekuak zabaltzea”. Bestalde, Jai Alai frontoian egiten diren entrenamenduak ikusteko aukerak ere egonaldiak luzatzea eragin duela diote.
Herriko merkatarien lana ere azpimarragarria izan da. Izan ere, Gernika-Lumoko 150 dendatik 56k hartu dute parte turismoa sustatzeko jardueretan; besteren artean, turismo produktuak sortzeko eginbeharretan.
Interneten presentzia handiagoa. Australia, Argentina, Japon, Europa eta Espainiako herritarrak dira Gernika hitza interneten gehien bilatzen dutenak. Gernikarekin erlazionatutako gero eta bilaketa gehiago egiten direla jakinarazi dute. Izan ere, aurreko urteekin alderatuta, 2018an %13 igo zen Gernika hitzaren bilaketa interneten.
Gainera, bilaketa horien arrazoi nagusia “bidaiatzea” dela zehaztu dute arduradunek: “Bilaketen datu horiek udalerrira etorri diren bisitarien kopuruan eta izan duten eragin ekonomikoan islatu da”.