Talde lan gogoangarria
Lointek Gernika Bizkaiak hamalaugarren garaipena lortu du ligan, Quesos El Pastorren kontra. Talde gernikarrak partidua kontrolpean izan du hasieratik bukaeraraino.
Etxekoen aurrean beste garaipen bat poltsikoratu du Lointek Gernika Bizkaiak. Aurreko jardunaldiko Cadi La Seuren kontrako porrotaren ostean, sentsazio onak berreskuratu, eta erakustaldia eman zuen zapatuan, Quesos El Pastorren kontra. Markagailuak ondo erakusten eta laburbiltzen du neurketa; 75-49 nagusitu zen Malosteko taldea.
Talde lan itzela eginda, hasieratik amaierara partidua kontrolpean izan zuten Lointekeko jokalariek. Talde zamorarrekoek, ostera, ahal zutena egin zuten, eta bigarren zatian ezinezkoa egin zitzaien etxekoen erritmoari eustea.
Quesos El Pastor jokalari garrantzitsuenetariko bi barik heldu zen Gernika-Lumora. Hala ere, 3-7ko markagailuak kontu handiz ibiltzeko beharra adierazten zuen. Kontraerasoagaz erantzun zuen etxeko taldeak. Stanacev jokalari serbiarra nekaraztea zen etxekoen zeregina, eta horretan zirela, 16-0ko partziala egin zuten. Bizi jokatuta, 11 puntuko errentagaz amaitu zuten lehen laurdena (24-13).
Hurrengo minutuetan dena ondo atera zitzaion etxeko taldeari; jokaldiak ondo irakurrita, asmatzen jakin zuen. 33-17ko markagailuagaz zeudela, baina, dena gelditu zela zirudien. Izan ere, lau bat minututan ez zuten punturik bildu. Ondorioz, hutsartea eskatu zuen Mario Lopezek. Lehortearen ostean, saskiratzeak berreskuratu zituzten, eta atsedenaldira hamalau puntuko aldeagaz heldu ondoren, hirugarren laurdenean, intentsitatea berreskuratu zuten Lointekeko jokalariek. Quesos El Pastorreko jokalariei, ostera, nekea igartzen hasi zitzaien. Ez ziren etxekoei aurre egiteko gai. Hala, alde nabarmenagaz sartu ziren azken txanpan (61-36). Hala ere, etxekoek ez zuten erritmoa jaitsi. Lopezek txandakatzeak egiteko aprobetxatu zituen partiduko azken minutuak.
Sailkapena. Emakumezkoen Ligaren sailkapenari dagokionez, Lointek Gernika Bizkaiak hirugarren postuan jarraitzen du, 32 puntugaz. Aurretik hiru puntu gehiagogaz ditu Avenida eta Girona; biek ala biek partidu bakarra galdu dute ligan.