Ligako laugarren porrota, Cadi La Seuren kontra
Emakumezkoen Ligaren 17. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 20 puntuko aldeagaz galdu du Cadi La Seuren kontra.
Lointek Gernika Bizkaiak 82-62 galdu zuen Cadi La Seuren kontra Lleidan, zapatu iluntzean. Ondorioz, Dia Ligaren sailkapenean, puntu bakarreko aldeagaz daude bi taldeak. Talde gernikarra hirugarrena da 30 puntugaz eta atzetik dago talde kataluniarra. Hala, Gironak eta Avenidak ez dute hutsik egin asteburuan, eta garaipena lortuta, 33na puntugaz mantentzen dira sailkapen buru.
Zapatuan, hasierako minutuetako intentsitate faltak eragin zuzena izan zuen Lointeken jokoan. 14-2ko partzialagaz hasi ziren etxekoak, eta ondoren, asmatzea kostatu zitzaion Gernika-Lumoko taldeari.
Lehen minutuetatik arazoak izan zituen erasoan; jaurtiketa behartuak eta baloi galtzeak izan zituzten. Hasi eta bi minutu eta erdira, 8-0ko markagailuagaz zeuden. Mario Lopezek defentsa sendotu beharra ikusi zuen, eta horretarako egokiak diren jokalariak jarri zituen lehen lerroan: Ariztimuño eta Diez. Erabakia eraginkorra izan zen. Lehen laurdenaren amaieran, erasoan ere jokaldi politak egin zituen talde gernikarrak, baina, bederatzi puntuko errentagaz amaitu zuen etxeko taldeak (25-16).
Ondorengo minutuetan, eraginkortasun faltak zigortu zituen Lointekeko jokalariak. Hala ere, apurka-apurka burua altxatzea lortu zuten. Zazpi puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira, eta bigarren zatian ere ez zen egon aldaketa handirik. Jarrera erasokorra falta zitzaien; defentsa lanak katalanek aldea handitzea eragotzi zuten. Irregulartasunak eragina izan zuen eta 60-46ko markagailuagaz heldu ziren azken txanpara. Joko arina eta bizia da Lointeken ezaugarrietako bat, eta zapatuan horren falta igarri zen. Azken minutuetan nahi eta ezinean aritu ziren talde gernikarreko jokalariak, eta etxekoek ondo aprobetxatu zuten hori.