Egurrek gogoeta eginez beteko du 5. urteurrena
Egurre Gazte Asanbladak bost urte beteko ditu otsailean. Beste gaztetxeetako kideek ere parte hartuko dute ekintzetan
Egurre gazte asanbladak bosgarren urteurrena ospatuko du otsailean, eta hainbat ekintza antolatu dituzte hurrengo asteburuetarako; etzi, mahai ingurua egingo dute Astran.
Urteurren ospakizunak hausnarketara bideratu gura izan dituzte antolatzaileek: “Azken urteetan eztabaida eta hausnarketa prozesu asko egin ditugu guretzako, baina ez ditugu ondorioak zabaldu”. Hala, horiek ezagutarazteko asanbladak egingo dituzte, bai eta gazte asanbladetan lantzen diren gaiak jorratzeko ere.
Etzi, Euskal Herriko beste gaztetxeetatik etorritako gazteak egongo dira urteurren jaian, “beraien esperientziak kontatzeko prest”. Izan ere, “oso aktiboak” diren gazte taldeak dira Egurreko kideen berbetan: “Udalerriko eta inguruetako gazteek ezagutzen ditugun proiektuak baino haratago doazenak lantzen dituzte”.
Hilabetean burutuko dituzten asanbladak guztiak irekiak izango direla esan dute, udalerriko gazteen parte hartzea bultzatu gura dutelako. Ospakizuna bertso rap gauagaz bukatuko dute.
EGITARAUA:
Zapatua:
11:00. Gaztetxeak mundua aldatzeko mahai ingurua Astran: Kijera Gaztetxea, Azpeitiko Gaztetxie eta Burlatako Gaztetxea.
Domeka:
18:00. Elkartasun gutunak presoei, bloke naranjan.
Otsailak 8:
18:30. Okupazioa. Iraultza sozialistaren baitako tresna politikoa hitzaldia, Astran.
Otsailak 9:
17:00. 5 urte eta gero zer? asanblada, Astran. Ostean, luntxa.
Otsailak 10:
11:00. Gazte subjektibitatea hitzaldia eta eztabaida, Astran.
Otsailak 15:
18:30. Errepresioaren funtzioak eztabaida, bloke naranjan.
Otsailak 16:
21:00. Rap gaua, Astran. Bertso rap afaria Aitor Bizkarra, Garazi Navarro eta Koldo Gezuraga bertsolariekin eta Ziakhus raperoagaz.