Dantzek eta pilota partiduek girotutako sanpolikarpoak
San Polikarpo jaiak ospatu dituzte zapatuan Gautegiz Arteagan. Goizean dantzek koloreztatu zuten herria, eta arratsaldean pilota partiduen txanda izan zen.
Herriko zaindiaria dute San Polikarpo Gautegiz Arteagan, eta ezin hobeto ospatu zituzten haren omenezko jaiak zapatuan arteagatarrek. Domekarako prestatuta zegoen umeen krossa atzeratu egin zen eguraldi txarragatik, eta datorren domekan egingo dute.
Meza entzun zuten Santa Maria parrokian, eta gero Artie dantza taldekoek kolorea eman zioten egunari, eta mutil eta neskek denetariko euskal dantzak dantzatu zituzten. Horiek amaitzerakoan, dantzari eta ikusleek hamaiketakoa jan zuten elizpean, trikitixa eta pandero doinuek girotuta.
Dantzen lekukoa hartu zuten pilota partiduek arratsaldean. 17:30ean hasita, umeak palara jolasten ibili ziren herriko frontoian. 18:30ak inguruan, berriz, Promozioko Binkako Txapelketako finalaurdena hasi zen. Frontoia beteta zegoen, eta Elordi eta Etxebarriak 22-9 irabazi zieten Alberdi eta Erasuni; bizkaitarrak gorriz eta gipuzkoarrak urdinez aritu ziren.
Hasiera-hasieratik hartu zuten aurre gorriek, 5-9 jarri baitziren lehenengo minutuetan. Eskuratutako aldea ondo babestu, eta handitzea lortu zuten Elordi eta Etxebarriak.
Eguna borobiltzeko, Xaiborrek girotu zituen plazan batu ziren herritarak.
Kros laterketa. Domekan, urteroko hitzordua izan zuten umeeek; baina, eguraldi txarragatik astebete atzeratu dute kros lasterketa. Guztira 41 pertsonak eman dute izena; 37 ume eta lau helduk.
Domekan egingo dute, eta adinaren araberako lau lasterketa antolatu dituzte: 0-5 urte bitartekoak, 6-8 urte bitartekoak, 9-11 urte bitartekoak eta 12 urtetik gorakoak.
11:30etan batuko dira herriko parkean. Parte hartzaile guztientzako oparia egongo dela esan dute antolatzaileek.