Bittor Asteinza: "Herritarrak eta euren beharrizanak dira gure lehentasuna"
Herritarrak eta herritarren beharrizanak izango dira Bittor Asteinza Bermeoko EH Bilduren alkategaiaren lehentasunak. Hala adierazi du, gaur eguerdian Bermeoko Taraskan egindako agerraldian.
Herritarrak eta herritarren beharrizanak izango dira Bittor Asteinza Bermeoko EH Bilduren alkategaiaren lehentasunak. Hala adierazi du, gaur eguerdian Bermeoko Taraskan egindako agerraldian.
“Ohore bat da Idurrek utzitako testigua hartzea. EH Bilduk Bermeoko Udalean egindako lan, proiektu eta ekimenei jarraipena ematea da nire helburua; betiere, herritarren parte hartzeagaz eta herritarren beharrizanei erantzuna emanez”, esan du Asteinzak, bermeotarrak aurrean izan dituela.
Hala, herritarrei zuzendu zaie alkategaia, eta bere ideia eta sentimenduak elkarbanatu ditu. Hala, bermeotarra izateagatik duen harrotasuna azpimarratu du hainbat aldiz: “1983. urteko uholdeen, HIESAren, edota 2013. urteko sutearen aurrean bermeotarrek emandako erantzunak eredugarriak izan ziren, guztion elkartasuna funtsezkoa izan baitzen egoera horiei aurre egiteko. Herriak bere babesa eta laguntza eman zigun, eta gure leloa berea egin zuen. Horregatik, bermeotarra naiz eta harro nago”.
Asteinzaren berbetan, bere sentimentuak elkarbanatzen dituen talde bategaz aurkezten da alkategai, eta sentimentu eta proiektu horietara jende gehiago erakarri gura dutela dio. Hala, dinamika parte hartzaile baten bidez herritarrekin “elkarlana” bultzatzeko asmoa dutela esan du: “Herritarrek euren proposamenak helarazi ahalko dizkigute, eta ilusio eta gogo askogaz horiek martxan jartzen saiatuko gara. Horregatik, lanean, borrokan eta ekarpenak egiten jarraituko dugu”.
Herri “bizia”. Bizitzeko, bisitatzeko eta lan egiteko herri erakargarria dela Bermeo aitortu du Asteinzak, eta horrek horrela jarrai dezan “gogor” lan egingo duela adierazi du. Bermeo herri aktiboa izan behar dela dio, “bere erabakietan parte hartzen duen herria, alegia”.
Garapen ekonomikoa bultzatzeko asmoa ere erakutsi du, eta horretarako, ekimen berriak sortaraztea beharrezkoa dela gehitu du. Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzearen aldeko apustua egingo du Asteinzak, “itsasora begira dagoen herri bat garelako, eta itsasoa eredu duen herri bat izan behar garelako”. Hala, herriko garapen soziekonomiko jasangarri baterako ezinbesteko den proiektua aipatu du: Bermeo Tuna World Capital.
Halaber, irisgarritasuna landuko duen herri bat bultzatuko duela dio, eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta gizarte zerbitzuak indartzearen alde agertu da: “Udal zaharren egoitzaren aldeko apustua egin dugu, eta astelehenero Goiko plazan elkartzen diren pentsiodunen aldarrikapenekin bat egiten dugu. Baita gazteekin ere, eurak direlako gure etorkizuna”.
Irisgarritasuna aipatuta, Bermeoko Zarragoitxi, Itxasbegi, Tala, Kurtzio edota Iparragirren auzoetan hobekuntzak egingo dituztela aurreratu du EH Bildurena hautagaiak. “Alde Zaharraren biziberritzea ere ezinbestekoa da, aukera berriak eskaintzen dituzten toki asko daudelako”.
Berdintasuna eta elkartasuna bultzatuta, Bermeok errespetuzko herria izaten jarraitzea gura du Asteinzak. Guzti horretarako, eta bestelako ekimen edota proiektuak lortzeko lanean jarraituko du, “betiere Euskal Herria nazio bezala aldarrikatuz eta euskal preso politikoen etxeratzea defendatuz”.
Zortzi urtetan egindakoak gogoan. “Hau ez da agur bat. Korrika jarraitu behar dugu denok, baina testigua pasatu behar diogu norbaiti, eta Bittor Asteinza ilusioz beterik dator”, adierazi du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak gaurko ekitaldian. Orain arte egindakoek Asteinzagaz “jarraipena” izango dutela adierazi du Bidegurenek, bera ere ameslaria delako: “Konpromisoak hartzeko pertsona da, eraikitzailea eta eraldatzaila; Bermeok behar duen modukoa”.
Herri bat eraikitzeko momentuan nazio ikuspegia izatea garrantzitsua dela esan du Bidegurenek, eta hori lortu dutela gehitu du: “Administrazio eredu berria egin ahal dela erakutsi dugu, eta emaitza postiboak lortu ditugu”.
Gainera, bere bi legealdietan martxan jarritako proiektuak eta ekimen garrantzitsuenak laburtu ditu alkateak: Ur araztegia, turismoa sustazeko ekimenak, Bermeo Tuna World Capital eta Alde Zaharra biziberritzeko proiektua besteren artean.
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozermaileak, bere aldetik, Bidegureneri egindako lana eskertu dio, eta herriak eta herritarrek izan behar dutela erabakia esan du: “Herriak izan behar du hitza, eta berak hartu behar ditu erabakiak. Herri honek hainbat borroka gordin ezagutu ditu, eta datorrenari aurre egiten jakingo dio”. Bittor Asteinzari, berriz, “sekulako zortea” opa dio Iriartek, eta Asteinza alkatea denean itzuliko dela Bermeora esan du.
Bea Ilardia EH Bilduren Bizkaiko Ahaldun Nagusigaiak, herritik eta herriarentzako politika egiten dutela azpimarratu du: “Herritarrak gara, gu gara herri mugimenduko partaideak. Hankak eta oinak lurrean dauzkagun ameslariak gara, eta Bittor Asteinza horren adibidea da”.
Bermeoko Udaleko langileei ere zuzendu zaie, eta herritarren eta udalen artean egon beharko litzatekeen hartu-emanaren “eredua” direla esan die.