Udal Gobernu demokratikoagoa diseinatzeko kanpaina jarri du martxan Gernika-Lumoko EH Bilduk
Gernikarrek udal funtzionamenduari buruz dituzten iritziak eta sentsazioak jasotzen dituen galdetegia banatuko dute.
Udal Gobernuaren funtzionamendurako “gutxieneko demokratikoak” diseinatzeko prozesua jarri du martxan Gernika-Lumoko EH Bilduk. Horretarako, gernikarrek udal funtzionamenduari buruz dituzten iritziak eta sentsazioak jasotzen dituen galdetegia banatuko dute.
Koalizio abertzaleko ordezkariek udal gobernu batek bultzatu beharko lituzkeen baloreak “gardentasuna, zintzotasuna, hurbiltasuna eta entzuteko gaitasuna direla” uste dute. Hala, instituzioak herritarren zerbitzura jarri behar direlako abiarazi dute prozesu parte hartzailea, “udal gobernu batean gardentasuna eta partaidetza ezinbestekoak direlako”. Herritarrei laguntzeko prest dauden instituzioak beharrezkoak direla gaineratu dute: “Guztion eskubideak eta betebeharrak berdinak dira. Guztion arduraz joan behar gara aurrerantz, izan eragile, elkarte zein herritar”.
Inkestaren bitartez udal kudeaketa baloratu eta gero lortzen diren gutxieneko parametro demokratiko horiek udalean dauden indar politiko guztiekin partekatuko dituztela jakinarazi dute koalizio abertzaleko ordezkariek, horiekin adostea baita beraien helburua: “Gobernuan dagoena edozein izanda ere, herritarren iritziak bermatuta geratzea gura dugu”.
Martxan ipini duten ‘Demokrazia +’ kanpaina prozesu eraikitzaile bat dela adierazi dute: “Kolore ideologioak alde batera utzita, guretzako eta herritarrentzako udalean gutxienekoak diren parametro demokratikoak ezarri gura ditugu. Eta hau, udaletxean dauden sentsibilitate guztietako pertsonek konpartitzen dutela uste dugu”. Izan ere, herritarren iritzi eta esperientziak jaso gura dituzte, beraiek udalari buruz duten irudia zelakoa den jakiteko.
“Guztion udala nahi dugu, irekia eta gardena. Badakigu informazioa partekatzea dela benetako partaidetzaren lehen urratsa, eta erakundeen maila demokratikoa neurtzeko lehen adierazlea”, diote EH Bilduko ordezkariek.
Herritarrez ezeze, herriko elkarte eta eragileekin ere bilduko direla jakinarazi dute koalizio abertzalekoek, “euren esperientziak kontatzeko, nahikoa informazioa duten edo ez jakiteko”. Gainera, udalean hartzen diren erabaki batzuetan parte hartzea gustatuko litzaieken edo ez ere galdetuko dietela ere esan dute: “Euren lehentasunak zeintzuk diren jakin nahi dugu. Baita ere erabaki batzuetan parte hartu gura duten edo ez; dirua zertan inbertituko den erabakitzean, kasu”.
Demokrazian aurrera pausoak emateko momentua dela uste dutelako hasi dute kanpaina: “Herritarrek zer pentsatzen duen jakiteko momentua dela uste dugu”.
Galdetegi zehatza. Inkesta herriko postontzi guztietara zabalduko dute, eta EH Bilduren webgunean ere eskuratu ahal izango da. Galderak erantzun eta gero, inkestari argazkia atera eta whatsapp zein korreo elektronikoz bidali ahal izango dute parte hartzen dutenek.
Galdetegi laburraren bitartez, herritarrek informazio nahikoa duten edo ez, hurbileko udala dela pentsatzen duten edo ez, eta erabaki desberdinetan parte hartu gura duten galdetzen du Gernika-Lumoko EH Bilduk.