Eskualdeko errefuxiatuei laguntzeko bilketak egiten ari dira Astran
Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatuta, janari bilketa egingo dute, errefuxiatuek duten "beharrizana" handia delako.
Eskualdeko herrietara hubildutako errefuxiatuei laguntzeko asmoz bilketak egiten dabiltza Gernika-Lumoko Astran.
Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatuta, janari eta arropa bilketa egin dituzte orain arte. Oraingoan, baina, janari bilketa antolatu dute arduradunek, errefuxiatuek duten “beharrizana” handia delako: “Hamasei errefuxiatu bizi dira Eztenan, eta horien guztien beharrizanak asetu behar ditugu. Egunean hiru otordu egin ahal izatea bilatzen dugu”.
Zeinbait produkturen garrantzia nabarmendu dute horretarako. Besteren artean, esnea, kafea, tea edota azukrea nabarmendu dituzte gosaltzeko. Jatordurako pasta, arroza, indabak eta dilistak eskatu dituzte, bai eta kipulak edota patatak ere. Okela eta arraina ere beharrezkoak direla zehaztu dute.
Janaria ezeze, higienerako produktuak ere falta dituzte errefuxiatuek. Hala, xanpua, gela, bizarra mozteko produktuak edota komuneko papera lortzeko deialdia egin dute Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek.
Janari bilketa gehiago. Herritarren elkartasuna “ikaragarria” izaten ari dela zehaztu dute bilketen arduradunek, eta gehiagotan ere janari biketa egin beharko dutelakoan daude: “Orain beste familia bategaz janari gehiago edukitzea beharrezkoa da, eta gordetakoak agortzean ere beste deialdiren bat egin beharko dugula uste dugu”. Herritarren elkartasuna eskertu dute.