2019rako 462.107 euroko aurrekontua onartu du Elantxobeko Udalak
Abenduan egindako osoko bilkuran 2019. urteko aurrekontua 462.107 eurokoa izatea behin betiko onartu du Elantxobeko Udalak; diru laguntzen bitartez zenbatekoa handitzea espero dute. Inbertsio nagusia Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) egokitze prozesuari zuzenduta dago. Izan ere, inbertsio “nabarmenak” egitea aurreikusi dute.
Planteamendu ekonomikoagaz zerbitzu “eraginkorragoak eta errentagarriagoak” bermatu nahi ditu udalak. Zergarik gabeko udal ekonomia mantentzearen alde egingo dute, baita herriko bizi kalitatea hobetzearen alde egin ere.
Josu Olagibel Elantxobeko alkateak HAPOa herritarren eta bisitarien mugikortasuna errazteko “ezinbesteko” proiektua dela dio: “Kudeaketa lan gadenagaz eta zehaztasun osoz landutako planteamendu ekonomikoagaz Elantxobe hobetzea eta garatzea da gure helburua. Horretarako, erreala baina asmo handikoa den aurrekontua zehaztu dugu”. Hori horrela, udal aurrekontuan gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanak islatzen direla deritzo.
2018 eta 2019 urte bitartean eta 800.000 euroko aurrekontuagaz garatzeko proiektua dela Hiri Antolamenduko Plan Orokorra gogorarazi du alkateak. Plan horren barruan sartzen dira Talaiako Begiratokiko obrak eta Gorgino Renteriako Kultur Etxeko terrazan irisgarritasuna hobetzeko lanak. Lan horiek maiatzean bukatuta egotea aurreikusi du Elantxobeko Udalak.
Gainera, 2019. urtean denboraldi baterako hormigoizko pasabide bat erakitzea aurreikusi dute. Pasabideak HAPOa gauzatzeko ikerketa geoteknikoa egitea ahalbidetuko du, baita 2019rako aurreikusitako exekuzio proiektua burutzea ere.
Ikerketak topografikoa egin dute dagoenerako, eta ikerketa geoteknikoa burutzen dutenean herriko goiko aldea portuagaz lotzeko igogailu bat edo pasabide bat egin daitekeen erabakiko dute.
Diru laguntzen kudeaketa. Herriko garapenaren alde egiteko ahalik eta errentagarritasun gehien bilatzen saiatu da Elantxobeko Udala. Izan ere, martxan dauden proiektuak garatzeko beharrezkoa da Bizkaiko Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik edota Europako erakundeetatik jasotako diru laguntzak behar bezala kudeatzea.
2018ko diruzaintzako soberakina zehaztu barik dagoen arren, zenbateko hori 2019ko aurrekontuetara gehitzea aurrekusi dute, “asmo handiko proiektuei aurre egiteko”.