Eskupilotan erreferente bihurtzeko bidean
Emakume Master Cupeko lau t´erdiko txapeldunordea da Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarra. Domekan, Patri Espinarren aurka galdu zuen, eta eguaztenean harrera egin zion udalerriko udalbatzak.Lau t´erdiko Lehen mailako txapeldunordea da Olatz Arriza...
Emakume Master Cupeko lau t´erdiko txapeldunordea da Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarra. Domekan, Patri Espinarren aurka galdu zuen, eta eguaztenean harrera egin zion udalerriko udalbatzak.
Lau t´erdiko Lehen mailako txapeldunordea da Olatz Arrizabalaga. Hala, Emakume Master Cup txapelketan egindako lana omentzeko harrera egin zion Gernika-Lumoko Udalbatzak eguazten iluntzean.«Oso harro sentitzen gara egindako lanagaz, jarraitu gozatzen», esan zion Jose Mari Gorroño alkateak Arrizabalagari. Pilotariak harrera eskertu zuen, eta jokatzen jarraitzeko ilusioa daukala onartu zuen: «Emakume pilotariak orain arte itzalean egon gara. Gustatzen zaigulako jokatu izan dugu, trukean ezer jaso gabe».
Aurten lehen aldiz parte hartu du lau t´erdikoan gernikarrak, eta txapelketa ederra jokatu arren, finalean urduritasunak «traizionatu» egin zuela dio: «Nire lau t´erdiko lehenengo finala izan zen. Aste osoan ibili nintzen partiduan pentsatzen, eta frontoira atera aurretik ere oso urduri egon nintzen».
Finalari «itxura» emateko gogoz atera zen, baina bi akats egin ondoren, arreta galdu eta ezin izan zuela ezer gehiago egin dio pilotariak.
Binaka jokatzera ohituta dago, baina bakarkako txapela janztear egon da. Lehen fasea «nahikoa urduri» hasi zuen arren, partiduak irabazita sentsazio onak hartu eta egindako lanagaz «pozik» dagoela onartu du.
Orain, andrazkoen larru-paletako I. Bizkaia Torneoa ari da jokatzen, Leire Etxaniz etxebarritarragaz bikotean. «Frontoietan gabiltzan neskak denetara apuntatzen gara. Goma-paletan aritu gara orain arte, eta larru-paletako kirola guztiz desberdina da», aitortu zuen, finalera heltzeko «gogotsu» daudela gehituz.
Jokatzeko aukera gehiago
Lehen mailako pilotaria da, eta pilotan jokatzen hasi gura duten nesken erreferente bihurtzeko bidean dago. «Orain gutxira arte neska pilotariek ez geneuzkan gaur egun ditugun beste aukera edukitzen. Gaur, gorenera heldu gaitezke», azaldu zuen. «Lehen Bizkaia osoan ni nintzen eskupilotan aritzen zen neska bakarra». Errealitatea bestelakoa da orain.
92 emakumek parte hartu dute txapelketan. «Ez nuen pentsatzen hainbeste neskek jokatzen genuela. Binakako txapelketan 70-80 neska egon ginen, eta harrituta geratu nintzen». Lau t´erdikoan 92 neska egon izana ikaragarria iruditzen zaio. «Eskupilota ez dela mutilen kirola soilik erakusten gabiltza. Neskek ere ikuskizuna eman ahal dugula erakutsi dugu».
Gaur egun jokatzen ari diren neskak etorkizuneko «erreferenteak» izan behar direla uste du. Horretarako, komunikabideen lana ezinbestekoa da: «Etorkizunean pilotan jokatu nahi duten neskek erreferenteak behar dituzte. Lau izatetik frontoiak betetzera igaro gara. Asko daukagu ikasteko, baina frontoiak beteta ikustea pozgarria da».