BUPen 2019ko aurrekontua aurtengoa baino %2,85 handiagoa izango da
Inbertsioetara bideratutako kopurua iazkoa baino %13 handiagoa da. EH Bilduko ordezkariek BUP «teknikoki zein ekonomikoki» bideragarria dela berretsi duteBusturialdeko Ur Partzuergoaren kontseilu orokorra batu zen eguaztenean, eta aho batez onartu zu...
Inbertsioetara bideratutako kopurua iazkoa baino %13 handiagoa da. EH Bilduko ordezkariek BUP «teknikoki zein ekonomikoki» bideragarria dela berretsi dute
Busturialdeko Ur Partzuergoaren kontseilu orokorra batu zen eguaztenean, eta aho batez onartu zuten 2019. urteko aurrekontua: 6.351.765,28 euro. 2018koa baino %2,85 altuagoa da. Inbertsioetarako kopurua aurrekontuaren %20,40an finkatu zuten, gainera; hau da, 1.375.000 eurotan. Guztira, inbertsioetara bideratutako dirua iazkoa baino %13 gehiago da. Horrela, Busturialdeko Ur Partzuergoa teknikoki eta ekonomikoki «bideragarria» dela esan du, beste behin, EH Bilduk.Koalizio abertzaleak jakinarazi du EAJgaz izandako bileretan behin eta berriz «elkarrekin» Busturialdeko Ur Partzuergoa «sendotzearen» alde egin dutela: «Beharrezko pausoak emateko eskua luzatu diegu».
Ur partzuergoak duen erronka nagusiena agorte sasoian izaten duen ur eskasia da. Hala ere, arazoak badaukala konponbidea eta hori aspalditik «definituta» dagoela gogorarazi du koalizio abertzaleak: «Ur eskasiaren arazoak badauka irtenbidea. Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak 2011. urtean idatzitako proiektuaren gauzatzea».
Oiztik jaisten den hoditeria berriztea eta bertan ur hartune berri bat egitea da aldundiaren proiektuak zehazten duena. Konponbidea edukita, Bizkaiko Foru Aldundiak zergatik ez duen aurrekontuetako diru sail bat hoditeria berriztera bideratzen galdegin du koalizio abertzaleak. «Ez dugu ulertzen zergatik ez zaion horri bidea ematen. Izan ere, modu horretan, HAPOak geldiarazita dituzten Busturialdeko herriek euren herri planteamentuak burutu ahalko dituzte. Gainera, behingoz, daukagun agorte arazoari amaiera emango genioke».
Hala, EH Bilduko ordezkariek jakitera eman dutenez, adi begiratuko die 2019. urteko aurrekontuari, «Oizko hoditeria berriztatzera bideratuta dagoen diru saila zehaztu duten edo ez ikusteko».
Proiektuak
Busturialdeko Ur Partzuergoko ordezkariek azaldu dutenez, 2019. urteko inbertsio gehienak hornikuntza eta saneamenduetako instalazioak «berrizteko eta eguneratzeko proiektuak garatzeko» erabiliko dituzte.
Hala ere, EH Bilduko ordezkariek Oizkoa dela martxan jarri beharreko obra deritzote. Eta hori egin beharrean, Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaian integratzeko planteamendua pentsatzen ari direla salatu dute.
Gainera, eguaztenean egindako kontseiluan integrazioari buruzko inolako informaziorik ez zutela jaso adierazi zuten EH Bilduko ordezkariek: «Kontseiluan BUP Bilbao Bizkaian integratzeko emandako pausoen berri eman ez bazuten ere, Bilbao Bizkaiaren aldeko publizitatea egiten dabiltza. Besteak beste, ur partzuergoaren fakturekin batera bidaltzen dituzten eskuorrien bitartez egiten dute hori, horietan, publizitate faltsua ematen da, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan prezioa merkeagoa izango dela esaten dute eta».
Jeltzaleak «kosta ala kosta» eta administrazio prozedurak «saltatuaz» uraren kudeaketa Bilboko metropolian kontzentratzeko pausoak ematen hasi direla kritikatu dute: «Guretik gero eta urrunago dagoen erakunde batera pasatu nahi dute kudeaketa, udal eta eskualde eskalatik oso urrun dagoen beste egitura batera». Gainera, Bilbao Bizkaian erabakiak «ordezkaritza gutxi» dituzten organoek hartzen dituztela eta langileen %60 azpikontratatuta dela adierazi dute.
Nabarnizen eskaria
2016. urtean Nabarnizko Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoan sartzeko eskaera ofiziala egin zuen, baina oraindik ez dute ordezkarien erantzunik jaso; berriki, gainera, gutun bat bidali dute erantzun eske.
Eguazteneko osoko bilkuran, Bermeoko udal ordezkariek gai ordenan Nabarnizko Udalak egindako eskaria sartzeko proposamena egin zuten, baina gehiegoak ezetza bozkatu zuen. Hau da, EAJko udal ordezkariek, aldundiko ordezkariak eta BUPeko presidente Iñaki Gorroñok gaia ez lantzeko bozkatu zuten kontseilu orokorrean.
Ezetza justifikatzeko, Juan Felix Naberanek esan zuen Busturialdea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoagaz hitz egiten egoteak «ez zeukala zerikusirik» Nabarniz BUPen integratzearen eskariagaz.
Hala eta guztiz ere, EH Bilduko ordezkariek ez dute ulertzen zergatik Nabarnizko Udalak «bi urte luzetan» ez duen erantzunik jaso, ez eta ere «bertokoa» dena eskualdetik kanpo eramatearen arrazoia zein den.