Salto egin eta arriskatu
'Azken Indioak' da Gatibu taldearen lan berria. Zazpi abesti batzen ditu diskoak, eta horietan berritasunak bilatu dituzte. Orain arte egindako lanetatik desberdinena da.Euritan dantzan jarri ditu hainbat eta hainbat herritar Gatibuk. Asko eta asko iza...
‘Azken Indioak’ da Gatibu taldearen lan berria. Zazpi abesti batzen ditu diskoak, eta horietan berritasunak bilatu dituzte. Orain arte egindako lanetatik desberdinena da.
Euritan dantzan jarri ditu hainbat eta hainbat herritar Gatibuk. Asko eta asko izan dira gabak zerueri begire igaro dituzten jarraitzaileak. Baita aske bizitzea erabaki dutenak ere. Orain, beldurrak galdu eta salto egiteko dio talde gernikarrak.Zoramena diskoa kaleratu zuen Gatibuk 2002. urtean. Orain, baina, Azken Indioak izenpean beraien zortzigarren lanagaz dator laukotea. Taldekideen hitzetan, «soinu desberdina» bilatu dute oraingoan.
Freskotasunez eta egunerokotasunez betetako zazpi kanta batzen ditu taldearen azken geltokia den diskoak. Emaitza barikuan aurkeztu zuten Bilbon. «Soinu, musika tresna eta abentura berriekin betetako geltokia da Azken Indioak. Bizipen berriek sortzen duten zirrara berriz bizitzeko gogoa eduki eta horrela egin dugu», azaldu zuen Haimar Arejitak.
Bizitzeko gogoak bultzatuta, bidean aurrera jarraitzea erabaki zuten taldekideek. Hala, aurkikuntza horretan, musikagaz toki ezezagunak bilatzeari ekin zioten: «Lehenago bilatu ez ditugun bideak bilatzea izan da diskoa egiteko motibazio handiena. Ez zaigu atzera begiratzea gustatzen, eta gauza berrien bila joan gara oraingoan».
Kulturari bultza
Euskal herritarrak «aurrera begira» dauden herritarrak direla aitzakia hartuta, euskal kultura bultzatu gura du oraingoan ere Gatibuk. Diskoaren izenburuagaz euskal kultura goraipatzeaz gain, hausnarketara bideratu gura ditu entzuleak. «Europako lehenengotariko herria gara, gurea da kontinenteko hizkuntza zaharrena. Hala, baina, ez gara kontsumora bideratutako produktuak bakarrik. Zerbait gehiago gara: edonorantz joateko gaitasuna duen herri modernoa gara», azaldu dute Alex Sarduik eta Arejitak.
Horrela, euskal kultura transmititzen duen katearen parte izan gura du taldeak. Izan ere, euskara museo bateko hizkuntza izatea ekidin gura dute: «Euskal kulturak bizirik irautea bultzatu behar dugu. Ez dugu gure kultura museo batean gordetzea nahi, ezta plater batera mugatuta geratzea ere. Guk rocka, musika, hizkuntza… bizirik mantendu behar direla uste dugu, eta horretarako zaindu egin behar ditugu. Europako azken indioak garelako».
Diskoaren asmoa mantenduz, denetariko abestiak sortu dituztela aitortu du Sarduik: «Batzuk mugitzekoak dira, alaiak; beste batzuk, berriz, tristeagoak». Halaber, melodiak eta letrak «josi» egin dituztela esan du abeslariak: «Letretan ere salto egin dugu. Bakoitzak bere erara interpreta ditzake kantuak, norberak bereak egin ahal ditu».
Letrekin ezeze, leku ezezagunetara ere egin dute salto Gatibuko kideek: «Nondik gatozen jakin arren, ez dakigu nora goazen». Beti leku eta jende berdinagaz egonda emaitzak ere berdinak direla arrazoituta, Texasen (Ameriketako Estatu Batuak) grabatu dute disko berria.
Hain zuzen, Sonic Ranch Studio deitutako Texaseko estudio «berezi zein ezagunean» grabatu dute. Urte luzean musikari ezagunen aterpe izan den lekua da estudio hori. «Bertan dauden jostailu guztiak ikusita, musikarien Disneyland dela esan dezakegu», aitortu du Arejitak.
Bederatzi-hamar egunetan oso kontzentratuta eta musika uneoro arnastuz grabatu dute Azken Indioak. «Soinu berriak bilatu ditugu, eta beste diskoetatik aldendu gara. Ez dugu errepikatzeko gogorik eduki», esan dute taldekideek.
Laguntza erabakigarria
Soinu berriak bilatzeko ibilbidean, Santi Garcia ekoizle kataluniarraren laguntza «oso erabakigarria» izan dela aitortu du Gaizka Salazarrek: «Oso erraz naba- ritzen da haren eragina. Orain artean taldekideok besterik ez ditugu moldatu gure abestiak. Oraingoan, baina, Santi Garciak lagundu digu abestiak moldatzen. Berari esker, gu inoiz joango ez ginatekeen lekuetara iritsi gara».
Musikalki, gainera, letrek adierazten dutena musikagaz transmititzea lortu dute, «osotasunean» eraikita dauden kantuak sortuz. Ohiko instrumentuez aparte, beste batzuk ere probatu eta landu dituzte Gatibu- koek: haizea, pianoa, perkusioa… Hala, Disneylanden itxura zuen Texaseko estudioan «magia» egitea lortu dute laurek.
Eurak ere salto egin eta arriskatu egin dira azkenengo lanagaz. Nahi dutena egin eta bilatzen zutena aurkitu dute Gatibuko kideek. Azken diskoko Salto abestia eredu hartu dute: Gauzak berez ez dira aldatzen. Hutsera saltoten ez badogu berdinien jarraitzuko dogu.