Yemeneko 109 familiari laguntzeko diru bilketa jarri du martxan Gernikatik Mundura elkarteak
Gernika-Lumoko Udalaren lankidetza proiektuen deialdian 7.837 euroko diru laguntza eskatu zuen Gernikatik Mundura elkarteak Associació Solidarios sin Fronteas elkarte kataluniarrarekin batera. Helburu zuzena izan dute hasiera hasieratik elkarteek: Yemeneko 109 familiari emergentziazko laguntza ematea. Diru kantitate horretara heltzeko, baina, diru bilketa jarri du martxan Gernikatik Mundura elkarteak; 2.387 euro behar dituzte.
Yemeneko gerra hasi zenetik GGKE kataluniarrak eta Yemeneko kolaboratzaileek oinarrizko elikagai kutxak hornitzen dizkiete Saná (Yemen) inguruetako errafuxiatu eremuetara mugitutako milaka familiari. Horiei laguntzeko prest agertu da Gernikatik Mundura elkartea, baina, udalaren lankidetza proiektuen ebaluazio batzordeak ez diela “arretarik” eskaintzen salatu dute: “Ebaluazio batzordeak ez die arreta askorik eskaintzen Gernikatik Mundura elkarteak herrian bertan egiten dituen ekimenei. Beraz, eskatutako laguntza kantitatearen erdia baino gutxiago jaso dugu; 3.398 euro alegia”.
Ekarpenak egiteko aukera. Eskatutako laguntzaren erdia jaso dutela ikusita, elkarteak berak 1.602 euro jarri ditu. Hala ere, 2.387 euro falta dira emergentziazko laguntza emateko. Hori horrela, 7.837 eurotara iristeko diru bilketa bat jarri du martxan elkarte gernikarrak, eta herritarrei parte hartzeko deia egin die.
Ekarpenak egin nahi izanez gero, GGKEren hurrengo kontu korrontean egin dezake diru sarrera: ES53 2095 0315 8091 0126 2798. Sarrera egiterakoan izen-abizenak eta NAN zenbakia jarri behar direla jakinarazi dute.