Metal Fabrika, hirugarren urtez
Metal musika jaialdiaren hirugarren denboraldiari ekingo diote bihar, Astran. Aurreko urteetako formatu beragaz jarraituko dute. 20:30ean hasiko da jaiaArma lantegia izatetik gaur egun den kulturarako fabrika soziala izatera igaro zen Astra. Bihar, me...
Metal musika jaialdiaren hirugarren denboraldiari ekingo diote bihar, Astran. Aurreko urteetako formatu beragaz jarraituko dute. 20:30ean hasiko da jaia
Arma lantegia izatetik gaur egun den kulturarako fabrika soziala izatera igaro zen Astra. Bihar, metal musikarien eta jarraitzaileen topagune izango da. Metal Fabrikaren hirugarren denboraldiari hasiera emango diote, eta hiru talde ariko dira bertan: Gernika-Lumoko Bullets of Misery, Urdulizko Holy Txala eta Palentziako Karmak. Astrako jaialdia 20:30ean hasiko da.Sendotzen doan jaialdia dela esan dute Eneko Bedialauneta, Jon Learreta eta Alain Atxikallende antolatzaileek. «Badago hutsik egiten ez duen taldea, jendeak errepikatu egiten du, eta urtez urte handitzen doan jaialdia dela uste dugu. Urtez urte sendotzen joatea lortu gura dugu».
Gustura eta indarberrituta atera ziren Metal Fabrikaren antolatzaileak aurreko bi denboraldietatik. Hala, hirugarren denboraldiaren lehenengo aldia daukate esku artean. Aurreko urteetakoak aztertuta, formatu berari eustea erabaki dute: Hiru talderen emanaldia eta kontzertu hasiera, amaiera eta atsedenak girotuko dituen DJa egongo dira. «Oso pozik gaude formatuagaz; jaialdia ez da astuna, ezta oso azkar bukatzen den horietakoa ere. Bertaratutakoak oso gustura geratu dira aurrekoetan», dio Bedialaunetak.
Jaialdi bakoitzean kalitatea mantentzea da asmoetariko bat. Musika estilo horrek eskaintzen duen aniztasuna ere bermatu gura dute. «Espektroa oso zabala da, eta estilo ezberdin asko lantzen dira. Alternatibak eman nahi ditugu. Zentzuzkoa den jaialdia egin gura dugu».
Metal musikaren eszenak publiko fidela dauka. Hala, bai zaleei eta baita musika taldeei ere aukerak zabaltzea izan dute hasieratik helburu: «Eszena badago, baina taldeek ez dute aukera askorik Astra moduko agertoki batean jotzeko».
Biharkoan, esaterako, udalerriko Bullets of Misery taldeak estreinatuko du bere azken lana.
Biztu irratia
Metal jaiak Biztu Irratiagaz lotura zuzena dauka; urte osoan, metal musikari buruz eta metal taldeen lan berriei buruz aritzen dira.
Aurten ere, aurreko bi denboraldietan egin legez, sarreragaz batzen duten dirua taldeak ordaintzeko izango da. Barran ateratzen dutena, berriz, Biztu Irratia laguntzera bideratuko dutela jakinarazi dute, «irabazi asmorik gabeko taldea» dira eta.