Baserrietan txerria hiltzeko eguna zen garai batean azaroaren 11. Gaur egun, ohitura horrek indarra galdu duen arren,
sanmartinak ohituraz betetako jaiak dira hainbat herritan; Bermeon orain dela 17 urtetik urtero-urtero egiten dute sanmartinetako azoka. XVII. Odoloste Txapelketa lehiatu dute, eta Jeronimo harategiaren buzkentza izan da onena.
azoka bermeon
Txerrikia izan da aurten ere Bermeoko protagonista nagusia Lameran.
09:00etan zabaldu dute azoka, eta 15:00ak bitartean egon da zer ikusi, usaindu, dastatu eta erosi Bermeon. Jendetza hurbildu da Lamera ingurura, eta herritarrek eta inguruko herrietatik hurbildutakoek giroz bete dute plaza.
Baserri giroan murgildutako azokak txerrikiak ekarri ditu herrira, baina, horiez gain,
euskal pastela, gazta, eztia, txakolina, patea eta lorak bezalako produktuak jarri dituzte herritarren eskura. Taloa txorizoagaz dastatzeko aukera ere izan dute bertaratutakoek.
Lameran egon da San Martinetako azoka, eta urtero legez, Andeko Tabernan lehiatu dute
XVII. Odoloste Txapeketa. Aurten,
22 harategi aurkeztu dira, iaz baino bat gutxiago. Bermeokoak zortzi, Gernika-Lumokoak bost, Mungikoak beste bost, Zornotzakoak bi eta Loiuko eta Lezamako bana.
Jeronimo harategiaren postua Bermeoko San Martin azokan
Epaimahaiaren arabera, Bermeoko
Jeronimo harategiak aurkeztutako
odolostea izan da aurtengo
gozoena. Bigarren eta hirugarren sariak ere bermeotarrentzat izan dira; Barturen harategiarentzat bigarrena, eta Jose Ramon harategiarentzako, berriz, hirugarrena.
Azken urteetan Jeronimo harategiak zortzi odoloste txapelketa irabazi ditu; azken bi urteetan, baina, Mungira joan da txapela. Aurkezpena, egosketa puntua eta gustua baloratu dituzte epaimahaikideek, eta Jeronimo harategiarena izan da denen artean onena. Ez daukatela sekreturik esan dute saridunek, “maitasunez” egitea dela garrantzitsuena azpimarratuz.
Odoloste txapelketan
maila “oso ona” egon dela aitortu du Javier Barrenetxea txapelketako arduradunetako batek. Balorazio positiboa egin du Barrenetxeak, eta harategien parte hartzeagaz pozik daudela onartu du: “Leku gehiago izango bagenu, 40 harategigaz egingo genuke txapelketa. Ezinezkoa da, beraz, pozik gaude. Urtero 20 harategi inguru aurkezten dira”.
Urtero, gainera, San Martinetako azokako erakusmahairik politenak ere saria jasotzen du. Aurten, Bermeoko
Landabaso harategiarentzat izan da sari hori.