Udagoieneko Ostera 'Inpernuko' lanagaz iritsiko da gaur Gernikara
Hemeretzi urtez udazkenero antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak Udagoieneko Ostera, eta zortzi emanaldi prestatu ditu aurten euskarazko kultur zirkuiturako. Hirugarren ekitaldia egingo dute gaur, 20:30ean, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, eta Xabi Solan...
Aurtengoa Udagoieneko Ostera «berezia» dela esan dute arduradunek, ziklo berri baten iragarlea delako. «Haize freskoa dator, euskarazko sortzaileen aniztasuna agertokietan erakusteko asmoz», adierazi dute.
Iaz Ereñotzu eta Trikitixa Liburua II lanak argitaratu zituen Solanok, eta aurten, proiektuaren zuzenekoagaz dator trikitilari hernaniarra: Inpernuko.
Azken diskoko kantak ez ezik, Esne Zopak diskoko abestiak ere entzun ahal izango dituzte ikus-entzuleek Lizeo Antzokiko gaurko emanaldian. Trikitixaren doinuez lagunduta, baserri giroa, herri giroa eta plaza giroa zein den erakutsiko du emanaldiak. Gaurkoan, esnesaltzaileak dira protagonistak, baina antzerkiaren helburu nagusia trikitilariei omenaldia egitea dela jakinarazi dute artistek: «Eskusoinuaren magia gure belarrietan sartu eta gure bizitzari irribarre bat eskaini zioten trikitilariei zuzenduta dago».
Solanogaz batera, hainbat musikari igoko dira oholtzara: Kris Solano, DZ, Txus Aranburu, Arkaitz Miner eta Haritz Beristain. Haiez gain, Mikel Laskurain eta Ana Elordi aktore ondarrutarra ere egongo dira.
Markina-Xemeinen ere bai
Sortzaileen eta ikus-entzuleen arteko harremanak sustatu eta euskaraz egiten den uzta Bizkaia osoan zabaldu gura du Osterak.
Hala, zortzi emanalditan, hamar sortzailek parte hartuko dute, bizkaitarrei musikaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera emanez.
Azaroaren 23ra bitartean, hainbat ikuskizun egongo dira aukeran. Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean, esate baterako, azaroaren 16an ariko dira MICE taldeko musikariak.