Zinea eta kartzela zikloa hasiko da bihar
El beso de la mujer araña film brasildarragaz hasiko dute bihar Astra Zinema Paradisok eta Sare Gernika-Lumok elkarlanean antolatu duten Zinea eta Kartzela zikloa. Bigarren urtez egingo dute ekimena, eta hurrengo hiru martitzenetan 19:00etan jarri dute hitzordua Astran.
Iaz kartzelaren gaia emanaldi bakarragaz landu zutela azaldu dute antolatzaileek, eta emanaldi hori “positiboki” baloratu ondoren, aurten ziklo formatuan ematea eta hiru emanaldi zehaztea erabaki dute: “Aurten hiru emanaldiko ziklo bat egitea aurreikusi genuen bi taldeen artean. Hori horrela, kartzelei buruzko ikuspegi zabala eta desberdina lantzen dituzten hiru ikus-entzunezko aukeratu ditugu”.
Sarek Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko kartzelen gaiak jorratzen ditu, baina ikus-entzunezko hauen bitartez, Astra Zinema Paradisogaz batera, “kartzelei buruzko ikuspegia zabaldu” gura izan dutela azaldu dute arduradunek.
Bihar emango duten El beso de la mujer araña filmagaz esaterako, gai sozial eta politiko desberdinak dituzten bi presoen arteko antzekotasunak jorratuko dituzte. Antolatzaileek esan modura, orain dela 20 urte egindako filma da, baina presoen arteko errealitateak bere horretan kontatzen dituelako aukeratu dute, “presoen arteko elementu komunak azaleratzen dituelako hain zuzen”. Nahiz eta Brasilen oinarritutako ikus-entzunezkoa izan, egoera hori Euskal Herrira hurbiltzearen gogoeta bultzatzen duela ere argitu dute.
Azaroaren 13an, IPES elkarteak egindako dokumentala proiektatuko dute. Hemen right now deitzen da ikus-entzunezkoa, eta kartzela inklusio moduan eztabaidarako elementua dela erakusten du horrek. Kartzelak “zertarako behar diren eta zein funtzio betetzen duten” azaltzen du dokumentalak, eta hausnarketara bideratzen du ikuslea. “Fikziozko ikus-entzunezkoez gain, errealitatean oinarritzen den proiekzio bat eman nahi izan dugu ziklo honetan”, azaldu dute.
El patio de mi carcel deitutako filmak, berriz, kartzeletan dauden emakumeek sufritzen dituzten egoerak agertzen dituela azaldu dute: “Emakume izateagatik eta kartzelan egoteagatik bikoitza sufritzen dutela argi erakusten du filmak”. Kontaketa “fidela” egiten duelako aukeratu dute beraz.
Solasaldirako tartea. Errealitatean oinarritutako edo errealitatea “nahiko ondo” islatzen duten filmak dira aukeratutakoak. Hala, eztabaidarako tartea zabalduko dute filmak bukatu bezain laster.
“Kanpoko beste errealitatearen berri jasotzea ondo dago, gero geurera ekarri eta hausnartzeko”, esan dute antolatzaileek. Izan ere, ikusitakoa aztertu eta Euskal Herriko egoeragaz alderatzeko aukera egongo da solasaldirako tartean.