Goikoetxea eta Hernandez nagusi, Urriko Azken Astelehena Masterrean
Olharan eta Lopezen arteko finalean, berdinketa hausteko 'set'-a beharrezkoa izan dute garaipena lortzeko. Goikoetxea eta Irastorza dira Jai Alai World Tourreko txapeldunakIñaki Osa Goikoetxeak eta Jonatan Hernandez Duke-k irabazi dute Urriko Azken As...
Olharan eta Lopezen arteko finalean, berdinketa hausteko ‘set’-a beharrezkoa izan dute garaipena lortzeko. Goikoetxea eta Irastorza dira Jai Alai World Tourreko txapeldunak
Iñaki Osa Goikoetxeak eta Jonatan Hernandez Duke-k irabazi dute Urriko Azken Astelehena Masterra. Giro itzela izan zuten herenegun, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, eta partidu bikainagaz amaitu zuten Jai Alai World Tour denboraldia.Goikoetxeak eta Hernandezek Olharan eta Lopezen kontra lehiatu zuten finala. Emozio bizikoa izan zen partidua, parekatua eta frontoia bete zuten zaleak gozarazi zituzten. Berdindu egin zuten, eta berdinketa hausteko hirugarren set-a jokatu behar izan zuten.
Ondo hasi zuten lehenengo set-a txapeldunek, Goikoetxearen hasierako bi tantoekin markagailuan ihes egitea lortu zuten eta. Bikain hasi zen zumaiarra, eta sendo aritu zen atzean Hernandez.
Olharanek erantzun egin zien, baina ez zen nahikoa izan, eta gorriek puntu gehiago lortu zituzten. Azkenean, 15-10 irabazi zuten lehenengo set-a.
Bigarren set-ean hobeto jokatu zuten Olharanek eta Lopezek. Goikoetxeak eta Hernandezek huts egiteak izan zituzten, eta Olharan ondo aritu zen aurrean. Nagusi izan ziren urdinak, baina Goikoetxeak bere jokoa egiten jarraitu zuen. 8-12koa izan zen bigarren set-eko punturik onena. Goikoetxeak errebotean utzi zuen pilota, baina Lopez ondo heldu zen; botea eman eta gero, pilota erreboteko horman uztea lortu zuen. Era horretan, 12 eta 8 aurreratu zen bikotea markagailuan. Azkenean, 13-15ekoagaz, partidua berdindu zuten, eta hirugarren set-a jokatu behar izan zuten.
Hirugarrenean, 0-1 aurreratu ziren urdinak, baina Goikoetxeak erantzun egin zien, eta gauza bera egin zuen Lopezek: 1-2 markagailuan. Buelta eman zien markagailuari gorriek, eta partidua hasi zuen moduan bukatu zuen Goikoetxeak; eskuin erreboteagaz, hain zuzen.
Denboraldi bukaera
Gernika-Lumon jokatutako final handia hasi baino lehen, Jai Alai World Tour 2018ko txapela jantzi zieten Iñaki Osa Goikoetxeari eta Eric Irastorzari. Eurak dira denboraldiko aurrelari eta atzelari onenak.
Goikoetxeak denboraldi bikainari modu ederrean eman zion amaiera Zestaren Katedralean. Ia dena irabazi du aurten: Gernikako Grand Slama eta Mutrikuko Opena Lekerikagaz, Hossegorreko Grand Slama Portetegaz, Hondarribiako Grand Slama Aldazabalegaz eta Zumaiako eta Urriko Azken Astelehena Masterra Irastorzagaz. Hala, Jai Alai World Tourra osatzen duten Grand Slametatik Ekhigaz jokatutako Markina-Xemeingoak egin dio ihes bakarrik.
Horrez gain, Bartzelonan jokatutako mundialean bigarren egin zuen Aldazabalegaz, eta txapeldunorde izan zen Donibane Lohizuneko Internationaux txapelketan Ekhigaz. Denboraldi «aparta» izan dela dio jokalari zumaiarrak.