Misterioz betetako eta elkarregaz gozatzeko gaua
bIDEhUTS gaua ospatuko dute zapatuan, Astran. Autogestioa bultzatuz, elkarregaz ondo pasatzeko aukera dela diote antolatzaileek.
Autogestionatutako zenbait toki, elkarte, zigilu edo kolektibo nonahi aurki daitezke. Gogor lan eginda bizirik irauten dutenak dira horiek. Hala ere, lortutakoa ospatzea beharrezkoa da, dela guztiak elkartzeko edo proiektuak ezagutarazteko. Zapatuan, autogestionatutako bi proiektuk bat egingo dute, bIDEhUTSek eta Astrak; kontzertuak 21:00etan hasiko dira.
Autogestioagaz bultzatutako zigilu bat da bIDEhUTS. Hala ere, bIDEhUTSeko kideek, beraiena “kolektiboa” dela diote: “Autogestioaren pentsaeragaz, diskoak kaleratzeko musika ekoiztea da gure betebehar nagusia”. Metak diskoetxearen ondorengoa da kolektiboa; izan ere, Metak diskoetxea osatzen zuten taldeetako batzuk sortu zuten. Bileren bitartez zehaztu zuten beraien nahia zein zen, eta lanak “editatzeko, bultzatzeko eta ezagutzera emateko” plataforma bat sortzea erabaki zuten.
Oinez hasi zen orduan bIDEhUTS. 2008an, baina, bigarren generazio bat sartu zela kolektiboaren barnean zehaztu du Gaizka Insunza Audience taldeko abeslariak; tartean gernikarrena. Ordutik, kilometro luzeak egin ditu plataformak eta guztira 43 dira argitaratutako erreferentziak: “Hamar urtetan 43 lan aurkeztea oso ondo dago, eta gaur gaurkoz, hamar taldek osatzen dugu kolektiboa”.
Zapatuan, sei talde. Diskoak saltzea zaila dela argudiatuta, urtean behin gutxi gorabehera bIDEhUTS gaua antolatzen dutela azaldu du Insunzak. Iaz Donostin egin zuten gaua, eta aurten Gernika-Lumon. “Iaz Donostiko sarrerak arin agortu ziren eta Bizkaiko hainbat herritar sarrera barik geratu zirela badakigu. Gainera, Gernika-Lumotik jende asko animatu zen. Azken urteetan herriaren eta bIDEhUTS-en arteko lotura asko indartu da”, aitortu du Insunzak.
Anari, Audience, Musergo, Nire Saco, Mmatarrak eta Inoren ero ni ariko dira oholtza gainean. Zapatukoak oso kotzertu “dinamikoak eta interesgarriak” izango direla jakinarazi du Audience taldeko abeslariak: “Sekretu guztiak ez ditut kontatu nahi, sei talde ariko gara eta gero Djak”.
Misterioa mantendu gura dute antolatzaileek, baina Astrara hurbiltzen denak ez duela kontzertuen “ohiko” egitura aurkituko aitortu du Insunzak: “Hainbat kolaborazio eta talderen arteko nahasketa ikusiko da, inolako muga gabekoa”.
bIDEhUTS gaua, baina, talde guztiak batzeko aitzakia besterik ez dela dio Insunzak: “Batera egotea gustatzen zaigu, musika egitea maite dugu eta kontzertuetako giroa ere gustuko dugu. Gainera, musika egiten dugun moduan, gure doinuak zabaldu gura ditugu. Eta plataforman sinisten dugun heinean, bIDEhUTS zigilua zabaldu gura dugu”.
Bide erromantikoan kilometroak eginez bultzatu dute aurtengo jai gaua. “Era naturalean” eta taldeen arteko harreman onagaz egin dutela azaldu du Insunzak: “Gauzak ulertzeko modu berdina dugu guztiok, musikarekiko ikuspegi erromantikoa dugu-eta”.
bIDEhUTS-en oinez jarraitzeko, baina, beharrezkoak ditu diru sarrerak, eta jaiak antolatzeak bide finantziario hori zabaltzen die. 500 sarrera zabaldu dituzte, eta Astra betetzea zaila izan arren, “eskaintza interesgarria” egin dutela eta gernikarren erantzun ona espero du Insunzak.
Kontzertu gaua antolatzeko orduan, herriko musika eragile eta norbanakoengandik laguntza asko jaso duela esan du Insunzak, eta norbanako horiei eta Astrari, Trinketeri eta Iparragirreri beraien laguntza eskertu die.