Txomin Arana pilotu ereñarrak agur esan dio moto ibilbideari
Erabakia hartzea «gogorra» izan da Aranarentzat, baina lanean egoteko eta goi mailako lehiaketetan parte hartzeko denbora ateratzea «zaila» dela azpimarratu duHamaika urtez motorretako profesional mailan lehiatzen ibili ondoren, Txomin Aranak bere ...
Erabakia hartzea «gogorra» izan da Aranarentzat, baina lanean egoteko eta goi mailako lehiaketetan parte hartzeko denbora ateratzea «zaila» dela azpimarratu du
Hamaika urtez motorretako profesional mailan lehiatzen ibili ondoren, Txomin Aranak bere kirol ibilbidea uzteko garaia dela esan du. Europako eta Munduko Motokros txapelketetan aurrera eta atzera ibili da Arana, eta lau Dakarretan parte hartu du; azken aldiz, aurten. Moto kategorian parte hartzeaz ez ezik, rally-etan ere ibili da.Ibilbide profesionala uzteko erabakia hartzea «gogorra» izan den arren, agur esateko unea iritsi dela aitortu du pilotu ereñarrak: «Urte askotan ibili gara profesionalekin gorengo mailan lehiatzen, eta ez da izan gauza erraza. Izan ere, lehiaketetan parte hartzeaz gain, bizitzeko lan egin behar dut nik. Aldi berean lana eta lehiaketa uztartzea ez da gauza erraza». Edozein kirolarirentzat ere, lanean egoteko eta goi mailako lehiaketetan parte hartzeko denbora ateratzea «zaila» dela azpimarratu du.
Lehiatu dituen probetan maila handiko profesionalak aritzen direla argitu du, eta beraien aurka lehiatzea gustatzen zaiola dio. Hala eta guztiz ere, lehiaketek eskatzen duten prestakuntza maila izateko denbora eduki behar dela esan du, bestela «ezinezkoa» delako lehiatzea.
Azkenengo urteetan, Dakarrera joateko babesleen finantziazioa lortzea ez du erraz izan. Diruarena denbora faltagaz estu-estu lotuta dagoen arazoa dela uste du: «Babesleak edo markak atzetik edukiko banitu proiektuak aurrera ateratzeko dirua eta denbora izango nuke. Izan ere, soldata bat edukita, lana uztea aukera bat izango litzateke. Baina ez da hori gertatu».
Erabaki zaila
Bere kirol ibilbideari agur esatea ez da erraza izan Aranarentzat. «Asko gustatzen zait motoan ibiltzea, baina bizitzan gauza garrantzitsu asko daudela badakit. Gainera, hainbeste urtetan, behin eta berriz, helburuak lortzeko arrastaka ibili behar izateak nekatu egiten du, eta erabaki onena motoa uztea da», aitortu du pilotuak.
Azkenengo erabakia orain gutxi hartu duela argitu du, lehenago ere goi mailako lehiaketa uztea pentsatu izan duen arren: «Urte batzuk lehenago ere pentsatuta neukan lehiatzeari uztea, baina, azkenean, urtea gogotsu hartu eta urtebete gehiago luzatu nuen erabakia. Oraingoan ez, heldu da momentua, eta agur esan dut».
Gaztetatik hasi zen motorrean ibiltzen Arana, eta hara eta hona ibili ondoren, momentu asko dira memorian gordeta dauzkanak. Parte hartu dituen lau Dakarrak dira beretzako berezienak: «Gordeta daukadan momentu kutsunena lehenengo Dakarrean parte hartzea izan da, hurrengo bietan ondo aritu nintzen arren. Beste hiru Dakarrekin alderatuta, 2016ko Dakarrean ibili nintzen hoberen. Bukatzea lortu ez arren, pozik etorri nintzen egindako lanagaz. 2015eko Dakarrean eskuratutako 16. postua ere oso berezia izan zen niretzat».
Motorrean ibiltzea «oso» gustukoa du, eta egunen batean etxean gordeta daukana berriz aterako duela aitortu du.