Eurokopako taldekako fasean jokatzeko txartela eskuratu dute gernikarrek
Basket Namur Capital taldeari 53-74 irabazita lortu dute sailkapena. Leire Ugaldek lehenengo taldeagaz debutatu du. Katalunian Gironaren aurka ariko dira hurrengo faseko lehen partiduanEurokopako taldekako fasea jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak. Eg...
Basket Namur Capital taldeari 53-74 irabazita lortu dute sailkapena. Leire Ugaldek lehenengo taldeagaz debutatu du. Katalunian Gironaren aurka ariko dira hurrengo faseko lehen partiduan
Eurokopako taldekako fasea jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak. Eguenean Basket Namur Capital taldeari 53-74 irabazita lortu zuen sailkapena aurretiazko kanporaketako bueltako partiduan.Etxean hasitako ametsa Belgikan borobildu zuten jokalariek; han ere erakustaldi bikaina eman zuten. EuroCup Women Txapelketa jokatzea ametsa zela zioten jokalariek, eta eskuratu dute taldekako fasea. Sailkapenagaz denboraldiko lehenengo helburu garrantzitsua lortu dutela dio Mario Lopez entrenatzaileak: «Gure bigarren urtean taldekako fasean egon nahi genuen, eta talde on baten aurka lortu dugu bertan egotea».
Bikain jokatu zuen 40 minutuetan talde gernikarrak. Defentsan sendo aritu ziren jokalariak, eta erasoan kementsu. Elkarlanean, talde lan izugarria eginez lortu zuten garaipena.
Hasierako minutuetan erraz lortu zituen saskiratzeak talde belgikarrak, 5-2 markagailuagaz aurretik egotea lortuz. Gernika Bizkaiak nahi baino gahiago barkatu zuen, baina Mario Lopezek esperientziadun bostekoagaz jokatzea erabaki zuen orduan: Dietrick, Vanderwal, Diez, Roundtree eta Berezhynska. Ondo aritu zen boskotea, defentsa lan ona eginez eta erasoan ideiak argi edukiz. Hala, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. 12-21 markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Bigarren laurdenaren hasieran, huts egiteak nagusitu ziren bi taldeetan. Dietrickek eta Vanderwalek, baina, hirukoekin asmatu zuten, eta errebotea zainduz eta kontzentrazioa galdu barik markagailuan ihes egitea lortu zuten gernikarrek. 20 puntu goitik zeuden. Roundtreek ere lan bikaina egin zuen, eta ondo zuzendu zuen taldea.
23-43ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia. Atsedenalditik bueltan, Dietrickek min handia egin zien aurkariei, hirukoak erraztasun osoz lortu zituelako. Namur bakarkako erasoekin erantzuten saiatu zen, baina desberdintasunak mantendu egin ziren. 53-74 markagailuagaz heldu ziren azken txanpara.
Alde nabarmena eduki arren, Lointekeko jokalariek bereari eutsi zioten, errenta handitzeko gogoz, eta intentsitatea mantendu zuten.
«Pozik» debutagaz
Azken laurdenean, domekako partiduan pentsatu zuen Mario Lopezek. Hala, Leire Ugalde harrobiko jokalariak debutatu zuen. Lehenengo maila nazionalean jokatzen du Ugaldek, eta partiduko azken bost minutuez gozatzeko aukera eduki zuen. Ugalderentzat garrantzitsuena garaipena eskuratzea eta taldekako fasera sailkatzea izan zen arren, debutagaz «oso pozik» zegoela esan zuen. Lointek Gernika Bizkaiak azken momentura arte erakustaldia eman zuen.
Partidua bukatzean, etxean lortutako garaipenari esker «lasaiago» jokatu zutela esan zuen Lopezek. Entrenatzailearen berbetan, taldeak izugarrizko lana egin zuen bai defentsan zein erasoan: «Taldeak beti serio jokatu du. Aste honetan ia ez dugu entrenatu, eta jokoan aldaketa batzuk egiteko aprobetxatu dugu».
Taldekako Fasea
Namurren aurka lortutako garaipenagaz, EuroCup Women Txapelketako taldekako fasea jokatuko du Lointekek. 40 taldek parte hartuko dute, lau parte hartzaileko hamar taldetan banatuta.
Gernikarrek Gironagaz, Unir Gyor talde hungariarragaz eta Clube Uniao Sportiva talde portugesagaz jokatuko dute F taldean. Lointekek Gironaren aurka jokatuko du lehenengo norgehiagoka, Katalunian.