Kantuz kantu garena harro erakusteko eguna
Zapatuan, hamaikagarren Euskal Jaia ospatu zuten herritarrek eta inguruko herrietakoek Gernika-Lumon. Euskal abesti eta dantzez gain, ohitura zaharrak plazaratu zituzten, giro ezin hobean.Kanta zaharrak dioen moduan, «Zer gara gu, nor gara gu, euskota...
Zapatuan, hamaikagarren Euskal Jaia ospatu zuten herritarrek eta inguruko herrietakoek Gernika-Lumon. Euskal abesti eta dantzez gain, ohitura zaharrak plazaratu zituzten, giro ezin hobean.
Kanta zaharrak dioen moduan, «Zer gara gu, nor gara gu, euskotarrak gara gu…» abestiagaz eman zion hasiera Euskal Jaiari Maiteder Olano Segundo Olaeta Musika Eskolako zuzendari eta txistulariak.Gernikan eta Karrantzan, Lumon eta Maulen, Errenterian eta Tuteran zein Lurgorrin eta Oionen kantatzen duen herriak bizirik jarraitzen duela esan zuen pregoian Olanok. «Izan garenaren esentzia dugu gaur arropetan, eta garenaren indarra gorputzetan eta ahotsetan», gehitu zien ozen bertaratutakoei.
Euskal Herria kulturaz, ohituraz, hizkuntzaz, folklorez eta historiaz betetako herri bat dela nabarmendu zuen Olanok. Ez dela onena, ezta txarrena ere esan zuen, gurea dela baizik. «Ospatu dezagun gure izatea, apaingarri eta lotsa barik, txarrari barre egin eta onagaz harrotu. Kantatu eta dantza egin, eta pentsatu kale zaharretako hormek zer gordetzen duten. Herri hau erre egin zuten, eta errautsetatik berriro sortu zen euskaldun askoren lanari esker».
Musika nagusi
Txupina jaurti ostean, agurra dantzatu, eta bertoko eta Euskal Herriko hainbat abesbatzen emanaldia hasi zen herriko erdigunean. Hala, askotariko musikariak batu ziren, eta herria kantuz bete zuten.
Berritasun legez, aintzinako zerratokien erakustaldia egin zuten Adolfo Urioste kalean. Bertan, egurrezko zutabeak eta trabiesak nola egiten ziren erakutsi zuten, baita lehengo tresneriaren erabilerari buruzko azalpenak eman ere. Bertan bildutakoek itsasontzietako oholak nola egiten ziren ikusi ahal izan zuten erakustaldiaren bidez. Euskaldunen nortasuna agerian utzi zuen ekintzak, eta iraganean euskaldunak nola moldatzen ziren ikusteko balio izan zuen. Gaur egungo tresneria erabili zuten, metodo bat besteagaz alderatzeko.
Halaber, Piratak Herri Kirol Taldeko neska-mutilek herri kirol erakustaldia egin zuten Artekalen. Bazkaldu aurretik, Elai Alaiko dantzariek Erregelak eskaini zituzten Merkurio iturriaren parean, eta herritarrek adi-adi jarraitu zituzten pausoak.
Zapatuan jendez bete zen udalerria, eta, aurten, lehenengoz, Txistularien Alardea egin zuten. Pasealekuan elkartu ziren musikariak, eta denetariko abesti ezagun bezain tradizionalak jo zituzten. Bertaratutakoek musikariekin abestu zuten, gainera.
15:00ak aldera jendetza batu zen Merkatu Plazako herri bazkarian; Busturialdeko herrietatik hurbildutakoak egon ziren bertan.
Arratsaldean ez zen jai giroa eten, eta gauera artean, dantzaz dantza ibili ziren herritarrak. Lehendabizi, EinGo taldeagaz abestu zuten, eta gero Zirkinik Bez taldeagaz euskal dantzak dantzatu zituzten.