Gernika-Lumoko Sarek Orain Presoak dinamikak
urriaren 20an Donostian egingo duen manifestazioagaz bat egin du, eta herritarrei
parte hartzeko deia egin die. Urriaren 20an Donostiako Antiguako Tuneletatik abiatuko den manifestazioagaz bat egiteko, Gernika-Lumoko autobus geltokitik 15:00etan aterako den autobusa antolatu du Sarek.
Udalerriko Merkatu plazatik
orain dela korapiloak askatzeko unea adierazi zuten atzo, “Gernika-Lumoko azoka plazak euskal herritarron oroimenean esanahi berezia duelako”.
Etorkizunari begiratu nahi diotela esan zuten Sarekideek, baina, horretarako, iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendotzea ezinbestekoa dela aitortu zuten. “Bidean izan diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau gurea egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarrituriko jendarte batean bizitzea”.
ETAk existitzeari utzi dion arren 269 euskal presok senideengandik ehunka edo milaka kilometrotara jarraitzen dutela esan zuten, “oraindik
askatu gabe jarraitzen duen korapilo bat dagoelako”. Espetxean dauden presoak beraien eskubideen jabe diren arren, oraindik salbuespen neurriak ezartzen zaizkiela salatu zuten Sarekideek, eta horiek Espainiako zein Europako legedien aurka doazela arrazoitu zuten: “Salbuespen neurri horiek pertsonak ez ezik, senideak eta bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak zigortzen dituzte”.
Hala, korapiloak askatzeko unea
orain dela ozen esan zuten, “elkarbizitzarako unea delako, urteetan sortutako jendarte arrakalak elkarrekin sendotzeko unea orain delako, eta presoen auzia orain konpondu behar delako”.
Arronategiren egoera. Orain Presoak dinamikagaz bat egiteaz gain, Kepa Arronategi preso gernikarraren egoera gogorarazi zuten atzo. Dispertsio politika ez datorrela bat gizarteko egoerarekin esan zuten, konponbidearen bila urratsak emateko garaia dela argi utziz. “Horrek, presoen gaian urrats positibiak ematea eskatzen du”.
Hala, baina, Arronategiren
egoera ez dela “bidezkoa ezta onargarria” ere salatu zuten. Preso gernikarraren eta familiaren intimitate eta pribatutasunaren eskubideak “urratu” dituztela esan zuten atzo: “Arronategiren mediku diagnostikoaren datuak eta informazioak inongo eskubiderik barik argitaratu dira. Keparen gaixotasuna ez da publikoa izan orain arte. Izan ere, gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen hamabi kasu ezagutzen ditugu, eta Keparena egon badauden, baina publiko egin ez diren hamarreko multzoan zegoen. Bere intimitate eta eskubideez gain, bere familiarenak ere urratzen dituzten jokabideak izan dira hauek”.
Irailaren 21ean, Almeriako espetxetik Zuerako espetxera lekualdatu zuen Espainiako Espetxe Zuzendaritzak; 1.000 kilometrotara zegoen, eta orain, etxetik 350 kilometrora dago. Hurbildu duten arren,
oraindik ere “sakabanatuta eta urrunduta” egoten jarraitzen duela salatu zuten Sarekideek. Azken hilabetean senideen egoera hobetu den arren, Sarek dio ez dela nahikoa. “Ukaezina da senideek distantzia, desgastea, xahuketa ekonomikoa, istripu arriskuak… arindu dituztela, baina ez da nahikoa”.
“Lehenengo graduko erregimen zorrotzean egon izan da beti”, salatu zuten, eta bizi baldintza eskasetan, dispertsaturik eta urrunduta egoteak
bere gaixotasunean eragina izan duela argudiatu zuten. “Espetxe politika ankerra sistematikoki ezartzearen ondorioa da bere gaixotasuna. Horregatik, etxean egon beharko luke. Etxekoekin, espetxeetako lau hormak ez direlako inoiz bere egoera artatzeko leku egokia izango”.
Guzti horregatik, eta konponbiderako unea dela argi utziz, presoen eta haien senideen sufrimenduagaz amaitzeko unea dela esan zuten atzo. Horregatik, Sarek,
herriko eta inguruko norbanako, eragile, eta sektore guztiei datorren urriaren 20an Donostiako Antiguako Tuneletatik abiatuko den Orain Presoak dinamikaren
manifestazioagaz bat egiteko eskatu du.