Bizikleta gainean eta pedalei emanez
Bizikleta Astea ospatu dute joan den asteko eguenetik gaur arte Gernika-Lumoko herritarrek. Bizikleta protagonista izan den aste “arrakastatsuan” hainbat ekimenetan parte hartu dute ume, gazte zein helduek. Gainera, autoa gutxiago erabili daitekeela eta bizikleta oso erabilgarria dela erakutsi dute.
Umeak Pasealekuko tailerrean, astelehenean. Argazkia: Basati Bike
Herriko kaleak, Pasealekua, eta Lumoko ibilbidea jendez bete ditu Bizikleta Asteak. Pedalkadaz pedalkada, zortzigarren urtez, bizikletaren erabilera bultzatu dute herritarrek, eta giro aparta sortu dute herrian.
Zortzigarren urte honetan lehendabiziz egin zuten Lumoko
Kronoigoera, eta “
oso arrakastatsua” izan zela aitortu dute Aixerrotape Txirrindulari Elkarteko antolatzaileek: “60 gazte inguruk eta 40 nagusik parte hartu zuten zapatuko Lumoko kronoigoeran, eta giroa oso ona izan zen”. Pasealekua eta Lumoko bidea “bete-bete” egin zirela ere aitortu dute.
Domekan, berriz, kalez kale ibili ziren martxa txiki solidarioan.
Martxa txikiak 180 familia batu zituela jakinarazi dute antolatzaileek; guztira, beraz, 450 pertsona inguru bildu ziren ekimenean.
Astea, mekanikako klaseekin eta jolasekin hasi zuten gazteenek Pasealekuan. Basati Biken eskutik, bizikletagaz jolasteko eta haren osagaiak ezagutzeko aukera izan zuten Seber Altube, Barrutialde eta San Fidel ikastolako gazteek. Eta gaur, asteagaz bukatzeko, Koikili?Lertxundiren hitzaldiagaz gozatu dute herritarrek. Elai-Alai aretoa bete egin dute.
Antolatzaileek, beraz,
aste “jendetsua” izan dela adierazi dute, eta antolatutako ekintzetan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkiete. Baita ere laguntzaile lanetan aritu diren norbanako zein talde guztiei, batez ere Basati Bikeri.