Genero indakeriari erantzun matxista eman diotela salatu dute emakumeek
Gernikako Sare Feministak adierazi du emakume baten salaketari "erantzun matxista" eman diotela. Gernika-Lumoko epaitegiak "etxeko bortizkeria" egotzi dio emakumeari
Gernikako Sare Feministak genero bortizkeria salatu duen herriko emakume bati erantzun “matxista eta patriarkala” eman diotela adierazi du.
Urteetan bortizkeria psikologiko eta fisikoa pairatu ostean, emakumeak abuztuaren 25ean Gernikako epaitegietan salaketa jartzea erabaki zuela aitortu du Sare Feministak. Gainera, salaketa jartzea poliziaren esku hartzea behar izan zuen gertakari baten ostean egitea erabaki zuela azaldu dute emakumeek.
Epaitegian gizonari genero bortizkeria egotzi zioten, eta, emakumearen jarrera, berriz, etxeko bortizkeria moduan ulertu zuten. Eta hori egin izana salatzen dute emakumeek: “Bere burua babesteko izan zuen erantzuna etxeko bortizkeria bezala ulertu dute epaileak, fiskalak eta ofiziozko abokatuak”.
Hori horrela, emakumeari gizonari ezarri zioten zigor berbera jarri ziotela jakinarazi dute. Hala, 300 metroko urruntze agindua bete behar du, bai eta 48 orduko gizarte lanak egin ere.
Epaiaren sententziaren aurka agertu dira emakumeak, eta emakume horri eta bere seme-alabei babes soziala eman nahi dietela aitortu dute: “Erasotzaileak eta epaitegiak eraiki duten kontakizunera batzen diren guztiei matxista hutsak direla esan nahi diegu; gauzak hobera aldatzeko borrokatu beharrean argudio kontserbadore eta koldarretara atxikitzen direla azaleratuz. Norbanako bezala emakume honen eta bere familia osoaren sufrimenduaren arduradunak ere badira horiek”.
Horregatik, genero bortizkeria behar bezala izendatu eta epaitu behar dela aldarrikatzen dute sare feministako emakumeek, hori egin ezean “ikusgaitza bueltatzen delako”.
Erabaki “zaila”. Egoera horietan gertatzen dena kontatzea eta salatzea ez dela erraza izaten gogorarazi dute emakumeek: “Jakina da zein zaila izan ohi den kasu horietan salaketa jartzeko indarrak batzea. Erasotzaileak lan galanta egin ohi du emakumearen nortasuna zapuzten, bere autoestimua lurretik uzten eta ezer egitekotan ondorio latzak pairatu beharko lituzketela mehatxatzen”.
Hala ere, emakume honek indarrak batu zituela eta epaitegietan jotzea erabaki zuela jakinarazi dute.