EH Bilduk mozioen bitartez eskatuko du Gernika-Lumoko ospitalean "hitzemandako" oheak jartzea
Gernika-Lumon eta inguruetako herrietan mozioak aurkeztuz eskatuko dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari “hitzemandako” ospitalizaziorako oheak Gernika-Lumoko ospitalean jartzea.
Oheak hirugarren solairuan jartzeko eskatzeaz gain, solairu horretan egon beharko litezkeen zerbitzu eta langileak egotea ere eskatzen du EH Bilduk. Gainera, “proiektuaren hasieran agindutako bestelako zerbitzuak” martxan jartzeko urratsak eman behar direla esan du koalizioak; besteren artean, hemodialisi zerbitzua martxan jartzea eta erradiologia zerbitzua bere osotasunean erabiltzea.
“Ospitalizazio oheak izateko aurreikusita zegoen hirugarren solairuak hutsik jarraitzen du. Gainera, Gernika-Lumoko Osasun Zentroko lehen mailako arretako zerbitzuak bertara eramateko egitasmoa ez dute guztiz baztertu Osakidetzako arduradunek”, adierazi du EH Bilduk. Hori horrela, mozioak adierazten du udalerriko Osasun Zentroan ematen diren lehen mailako arretako zerbitzuak Ospitaleko hirugarren solairura lekuz aldatzeko proiektua “behin betiko baztertu behar dela”. Izan ere, osasun zerbitzu guztiak puntu bakarrean batzea “benetako ospitalea izateko aukera behin betiko hipotekatzea” izango litzatekeela uste du alderdi politikoak.
Busturialdea “baztertuta”. EH Bilduren ustez, historian zehar, Busturialdea osasun arloan “baztertuta” egon da. Alde batetik, erreferentziazko ospitale batetik “urrun” dagoelako, eta, bestetik, Gernika-Lumoko ospitalea baino beranduago abiarazi diren bestelako proiektuek ospitalizazio zerbitzuak bermatuta dituztelako. “Ohe faltak urruti dauden Gorliz eta Santa Marinako ospitaleetaraino joan beharra eragiten die Busturialdeko gaixo zein senideei, beraien kaltetan”, azaldu du koalizioak.