Udal euskaltegia da herritarren balorazio onena jaso duen zuzeneko udal zerbitzua
7,15eko puntuaketagaz lortu du Aita Villasante udal euskaltegiak zuzeneko udal zerbitzuetatik hobeena izatea. Bataz beste, 6,15 puntuko balorazioa jaso dute Gernika-Lumoko udal zerbitzu guztiek.
2018ko martxoaren 12tik 16ra bitartean inkesta zabala egin zuen soziologia enpresa batek, eta hortik lortu ditu udalak datuak; guztira, adin guztietako 451 herritarrek hartu zuten parte udal zerbitzuak baloratzen zituen inkestan.
Udal zerbitzuei buruzko ezagutzak bazituzten, eta horiek izanez gero, zelan baloratzen zituzten zerbitzuok galdetu zieten parte hartzaileei.
Datu esanguratsuak. Gernika-Lumoko udal zerbitzu guztiek “5 puntuko langa gainditzea” lortu dutela azaldu du Marisa Aldamizetxebarria euskara zinegotziak. Zerbitzu guztien bataz bestekoa, berriz, 6,15ekoa da. Zortzi udal zerbitzuk lortu dute datu hori gainditzea, eta beste zortzi geratu dira nota baxuagoarekin.
Kale garbiketak eta lorezaintza zerbitzuak 7,21eko nota jaso dute, baina horiek ez dituela udalak zuzenean kudeatzen azaldu du Aldamizetxebarriak. Hori horrela, udalak zuzenean kudeatzen dituen zerbitzuetatik baloraziorik onena lortu du euskaltegiak. Bi herritarretatik batek ezagutzen du zerbitzua, eta hori “normala” dela aitortu du zinegotziak: “55 urtetik gorakoek ez dute zerbitzu honen premiarik izan zoritzarrez, garaiko egoera soziolinguistikoagatik”.
Aita Villasante Udal Euskategiaren balorazioak “bikaineko joera” duela gehitu du Josu Erkiaga zuzendariak. 35. ikasturtea da aurtengoa, eta jasotako datuek “pozez betetzen” dituztela esan du Erkiagak.