Zazpigarren liga garaipena lortu du talde bermeotarrak aurten (16 liga jokatu ditu). Herriko estropadan bigarren egin eta gero, Eusko Label ligako txapeldun da atzotik Urdaibai; gaur jaso du txapeldunaren koroa Portugaleten. Arratsaldean, arraunlariek merezitako harrera eta omenaldia jasoko dute Bermeon.
20:30ean hartuko dituzte bermeotarrek Bou Bizkaikako arraunlariak,
Lameran.
11 bandera irabazi, eta 209 puntugaz nagusitu da Ligan Urdaibai. Hondarribiak 197 puntugaz amaitu du denboraldia (3 bandera gaurkoarekin), eta Zierbena hirugarrenak 186 puntu bildu ditu. Beraz, 12 puntuko errenta atera dio talde bermeotarrak bigarrenari. Erregulartasuna izan da bermeotarren puntu garrantzitsuena aurten, lehen astetik ez baitira lortu duten lehen postu horretatik jaitsi.
Hirugarren urtez jarraian eskuratu du arraun munduko liga nagusia Urdaibaik; gainontzeko laurak 2004koa, 2007koa, 2008koa eta 2010ekoa dira. Hamaseigarren aldia du aurten Trainerien Kluben Elkartearen ligak, eta ia erdietan
Bou Bizkaiak irabazi du txapelketa.
Gaur, baina,
bosgarren postuan bukatu du Portugaleteko estropada. Hondarribiak 19:40,09ko denboragaz irabazi du denboraldiko azken estropada. Orio 7 segundo eta 42 ehunenera sailkatu da. Hasieratik Hondarribia izan da estropada buru, eta gertu jarraitu dio Oriok; sei segundoko tartea egon da bien artean bigarren ziabogatik aurrera. Azkenean Hondarribiak tarteari eutsi dio eta el
Kale zozketak ez dio lagundu talde bermeotarrari ezta Zierbenari ere. Lehenengo ziabogan 9 segundu galdu ditu Urdaibaik, eta ondorengoetan tartea handituz joan da. Azkenean, Hondarribiarengandik 19 segundo eta 88 ehunenera iritsi dira.
Lehia amaitu ostean, txapeldunen modura koroatu dituzte arraunlariak. Txapela buruan dutela
, pozez eta ilusioz ospatu dute lortutakoa arraunlariek. Andoni Garcia arraunlariak asteburua ez dela beraiek espero zutena izan aitortu du. Hala ere, pozik daudela esan du, eta lortutakoa, talde osoak irabazi duela: “Astez aste arraunean egin dugun guztiok lortu dugu hau. Baita hobetzen lagundu digutenek ere”. Carlos Mañasek berriz, lortutakoa “oso zaila” dela adierazi du, eta orain gozatu egin behar dela esan du.
Atzo Bermeon. Bandera irabaztea bakarrik falta izan zitzaion atzo Urdaibairi festa borobiltzeko. Etxeko bandera astindu nahi zuten arraunlariek, baina Oriok aurre hartu zien.
Lehia estua izan zuten Urdaibaik eta Oriok atzo, azken ziabogan ehunen gutxi batzuen tartea besterik ez zegoen-eta beraien artean. Bost segundura zegoen Hondarribia.
Oriotarrek, baina, azken luzearen lehen erdian hautsi zuten estropada, sei segundo goitik jarri baitziren. Hala ere, azken metroetan, Urdaibaik olatu on bat hartu zuen eta gutxi behar izan zuen etxeko garaipena lortzeko. Etxekoen aurrean, herritarren animo mezuak lagun zituztela, 1,52 segundo falta izan zituen talde bermeotarrak bandera eskuratzeko.
Lekittarra eta Astillero TKEra. El Corte Ingles Banderaren aurretik Play off-etako bigarren eta azken jardunaldia lehiatu dute. Atzo, Lekittarra izan zen onena Bermeon, eta gaur, Astillero nagusitu da; 20:16,58 behar izan ditu estropada burutzeko. Ondorioz, Lekittarra eta Astillero TKE liga jokatzeko sailkatu dira. Meira izan da hirugarrena, baina 44 ehuneneko aldeagatik ezin izan dio Astillerori irabazi, eta KAE-1 ligan geratuko da beste urte batez.
Gaurkoan, bigarrena Lekittarra izan da, eta Astillero baino bost segundu eta 70 ehunen gehiagoko denboragaz helmugaratu da. Meira izan da hirugarrena zazpi segundo eta 50 ehunenera. Ares laugarren sartu da 11 segundu eta 86 ehunenera, eta azkena, berriz, San Juan izan da 25 segundu eta 62 ehunenera.
“Urte askotan egindako lan gogorra eta gero, lortu dugu”, esan du Ioritz Muñiz Lekittarra arraun taldearen zuzendaritza taldeko ordezkariak. Gaurkoa Portugaleten, atzokoa baino estuagoa izan dela onartu du Muñizek. Hala ere, arraunlariak “lasai” egon direla aitortu du: “Ez gara bigarren postutik jaitsi, eta postu hori mantenduz bagenekien eginda geneukala”.
1977. urtean sortu zen Isuntza, eta ordutik bertan egon diren arraunlari, entrenatzaile, talde teknikoko eta zuzendaritza taldeko ordezkariez gogoratu da Muñiz, “eurak barik hau ezin izango zelako inolaz ere lortu”. Gaurko garaipena, baina, presidentearentzako dela esan du, “momentu pertsonal gogorra igarotzen dabilelako”. Isuntza herriaren taldea denez,
harrera egingo die lekeitiarrek arraunlariei,
19:30etan.