Pentsiodunen astelehenetako elkarretaratzeak itzuliko dira
Gernika-Lumoko udaletxe aurrean batuko dira Busturialdeko pentsiodunak 12:00etan. Urriaren 1eko Bilboko mobilizaziora joateko deia egin duteBusturialdeko pentsiodunek Gernika-Lumon astelehenetan egiten dituzten elkarretaratzeetara bueltatuko direla jak...
Gernika-Lumoko udaletxe aurrean batuko dira Busturialdeko pentsiodunak 12:00etan. Urriaren 1eko Bilboko mobilizaziora joateko deia egin dute
Busturialdeko pentsiodunek Gernika-Lumon astelehenetan egiten dituzten elkarretaratzeetara bueltatuko direla jakinarazi dute; uda garaian etenaldia egin eta gero, astelehenean 12:00etan jarri dute hitzordua udaletxe aurrean. Busturialdeko herritarrei bertaratzeko deia egin diete.«Uda hasieran ikusi genuen elkar azkenengoz, eta berriro mugimenduari ekingo diogula esan nahi dugu», adierazi zuten atzoko agerraldian. Kalean informazio nahikoa badagoela, baina «zoritxarrez» aldarrikapenekin jarraitu behar dutela esan dute, eskatutakoa oraindik jaso ez dutelako.
Urte hasieratik daramate aldarrikapenekin, eta horrela jarraitzeko asmoa daukate eskatutakoa lortu bitartean. Hobekuntza txiki batzuk lortu dituzten arren, eskaerek ia-ia bere horretan jarraitzen dutela adierazi dute: «Urtarriletik mahai gainean dauden eskaera nagusiak oraindik ere bertan jarraitzen dute, ezer gutxi aldatuta; eta guk horiek eskuratzeko lan egingo dugu». Lortutakoa ez dela nahikoa argudiatuta, beraien aldarrikapenekin eta «adore eta gogo handiagaz» aurrera jarraituko dutela jakinarazi dute; aldarrikapenekin erantzunak jaso dituztelako.
Busturialdeko pentsiodunen berbetan, beraien eskubideen alde egingo dute, arrazoia eta argudioak badituztela uste dutelako. Egoera «txarra, urria eta negargarria» pairatzen dutela uste dute: «Arrazoiak eta argudioak dauzkagula uste dugun arren, denbora eta eskarmentua dauzkagula badakigu. Eta horiei zentzuzko irtenbidea eman behar diegu».
Aldarrikapenen indarra azpimarratu dute, «beste hobekuntza batzuk lortzeko ezinbestekoa delako kalera ateratzea». Eta orain arte erakutsitako indarra mantendu behar dutela ozen esan dute.
Pentsiodunena mugimendu zabala dela adierazi zuten, «eredugarria». Ideia, talde eta elkarte desberdinetako jendea batzen dela astelehenetan arrazoitu zuten, eta taldea gizarteko beste sektoreentzako zabalik dagoela aitortu zuten. «Gure egoera prekarioa da, baina gure ingurukoak borroka honetara animatzen ez badira, egoera antzerakoa edo txarragoa pairatuko dute. Ez dago gure egoera bakarrik jokoan, gizarte osoaren geroa baino».
Hori horrela, eta «politikak aldatzearen beharra» ikusten dutelako, herritarrak gonbidatu dituzte astelehenetako elkarretaratzera hurbiltzera, «barrura begira mugimendu zabala delako pentsiodunena, baina baita kanpora begira ere».
Oraindik orain pentsiodunak diren emakumeen eta gizonen arteko «arrakala» handia dela eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa oraindik ez dutela ezarri gogoratu dute. Gainera, pentsiodunei KPI ezartzea ez dagoela ziurtatuta aitortu dute, «hala esan zutelako, baina oraindik egin ez dutelako». Horiek dira pentsiodunek urte hasieratik eskatzen dituzten hobekuntzetako batzuk. «Lehendabiziko egunetik finkatuta geneuzkan helburuak ez ditugu lortu, eta horiek lortu arte aldarrikapenekin jarraituko dugu».
Alargunen egoera
Alargunen kasua azpimarratu dute pentsiodunek, eta horien egoera «oso prekarioa» dela aitortu dute. Izan ere, alargunei pentsioa igo dieten arren, laguntza hori jasotzeko baldintzak «koralpilatsuak» direla esan dute: «Alargunek baldintza nahikoa gogorrak bete behar dituzte pentsioak jasotzeko. Hilean ezin dute 520 euro baino gehiago irabazi, eta beraiekin bizi direnek ezin dute diru laguntzarik jaso. Beste pentsiodunoi egoera pixka bat hobetu diguten arren, alargunen kasuan ez da berdina gertatu».
Horregatik, sistema ekonomikoko akordioak beste era batera aurreikusteko beharra azpimarratu dute. «Eguneratu egin behar dira politikak, eta beste modu bateko erabakiak hartu».
Borrokarako deia
Nagusien Nazioarteko Eguna da urriaren lehenengoa, eta hori aprobetxatuz, nagusien eskubideen alde egingo dute Bilbon herritarrek.
Bertan egongo dira Busturialdeko pentsiodunak, Bizkaiko pentsiodunen beste taldeekin bat egiteko prest daudelako.
«Pentsiodunen mugimenduak bizirik jarraitzen du oraindik ere. Gure eskualdean astelehenetako elkarretaratzeekin jarraituko dugu, baina Euskal Herri mailako aldarrikapena da honakoa. Herrietatik hasita, Euskal Herri mailan zabaldu da, baita Europan eta munduan zehar ere».
Deuston, Rekalden, San Mamesen eta San Nicolasen batuko dira Bilboko pentsiodunak urriaren 1ean 11:30ean, eta handik Moyua plazara joango dira mobilizazioan.
Bertan, Bizkaiko herrietatik hurbildutako pentsiodunak eta herritarrak egongo dira, tartean, Busturialdekoak. Hala, Moyua plazatik, guztiak batera Bilboko udaletxe aurrera abiatuko direla aurreratu dute. Busturialdeko pentsiodunek eskualdeko herritarrei dei egin die urriaren lehenengoan Bilbora joateko.
Gizarte osoaren arazoa dela azpimarratuta, Bilboko mobilizazioa denen topagunea izango dela esan dute. «Mugimendu zabala den modura, herritar guztiei dei egiten diegu. Orain gure pentsioak hobetzeko eskatzen ari gara, baina etorkizunean gazteen pentsioak izango dira jokoan egongo direnak, eta guztion eskubideen alde borrokatu behar dugu. Borroka egin barik ez dagoelako irabazterik».