Zesta-puntaren azken hogei urteak biltzen dituen liburua aurkeztu dute
2004. urtean argitaratutako Zesta-puntaren historia liburuaren jarraipena da. 250 ale kaleratu dituzte, eta Turismo Bulegoan eta Jai Alain egongo dira eskuragai. Datu garrantzitsuak jasotzen ditu Zesta-puntaren historia liburua aurkeztu zuten Gonzalo B...
2004. urtean argitaratutako Zesta-puntaren historia liburuaren jarraipena da. 250 ale kaleratu dituzte, eta Turismo Bulegoan eta Jai Alain egongo dira eskuragai. Datu garrantzitsuak jasotzen ditu
Zesta-puntaren historia liburua aurkeztu zuten Gonzalo Beaskoetxea eta Edorta Basterretxeak, atzo, Gernika-Lumoko Elai-Alai areto txikian; 2004an argitaratutako liburuaren bigarren alea da honakoa. Guztira 250 ale kaleratu dituzte 25 eurotan, eta Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan eta Jai Alai frontoian eskura daitezke; eskaera bidez ere lor daitekeela zehaztu dute.
Egindako lanagaz «pozik» daudela aitortu zuten biek ala biek, «orain arte ez dagoelako dokumentu bakarrean gordeta dagoen zesta-puntaren historiarik». Gainera, sei urtean egindako lana jendearen gustukoa izatea espero dutela adierazi zuten.
Zesta-puntaren azken hogei urteak bildu dituztela liburuan azaldu zuen Gonzalo Beaskoetxeak; baita lehen liburuan jasota ez zeuden hainbat datu historiko ere. «Lan gogorra izan da, denbora askoan burututakoa. Gure kirola zer den eta zer izan den jakin nahi duenarentzat informazio iturri egokia da».
Zesta-puntaren datu garrantzitsuak biltzen ditu liburuak, eta «beharrezkoa» zela horiek ezagutaraztea azpimarratu zuten egileek.
Basterretxearen berbetan, «jakingura» pertsonala arrazoi hartuta hasi ziren liburua idazten, eta lehenengo liburuan batu ezin izan zituzten datuak bildu dituzte oraingoan. «Benetako historia kontatu nahi izan dugu, eta hori izan da zailena. Datu guztiak lortzea eta modu zuzenean kokatzea, ezer galdu gabe».
Azken urteetako digitalizazioari esker, datuen bilketa «errazago» egin dutela aitortu zuten; hala ere, «herrialde desberdinetako artxiboak begiratu behar izan ditugu, baita artxibo pertsonalak ere».
Lau kapitulutan banatutako lana da. Lehenengo bietan zesta-puntaren azken urteak aztertzen dira; hirugarrenean datu historikoak ikus daitezke, eta laugarrenean, berriz, desagertutako frontoiei buruzko informazioa jaso dute. Laugarren hori «lehenengo liburuaren jarraipena» dela azaldu zuen Basterretxeak; «osagarriak dira». Desagertutako frontoien kapituluan, Brasilgo 21 frontoi agertzen direla aitortu zuten.
Bitxikeriak
Edukiei erreparatzen jarrita, ezusteko «asko» biltzen dituen liburua dela esan zuen Beaskoetxeak, «imajinatu ezin daitezkeen eta dokumentu gutxitan jasota dauden gertaerak kontatzen dituelako».
Zestaren ibilbidean oso garrantzitsuak diren eta ezagutzen ez diren datuak aurkitu dituztela adierazi zuten atzoko aurkezpenean. «Azpimarragarriak diren datuak dira, eta garrantzia eman behar zaie».
Besteak beste, Jai Alai izena nondik datorren eta kinielak non sortu ziren kontatzen ditu liburuak. Lehendabiziko pilotarien argazkiak ere badaude argitalpenean, eta Misurikoa ez zela lehenengo frontoia izan aditzera eman zuten Jai Alaiko arduradunek.