Bizkaiko
hirugarren Garraio Publikoaren bezeroentzako argibide bulegoa aurkeztu dute gaur goizean Gernika-Lumoko Euskotren geltokian; besteak, Bilbon eta Durangon daude.
Argibide bulego berri honegaz Garraio Publikoaren zerbitzuei buruzko informazioa Busturialdera hurbiltzea lortu dutela esan du Imanol Leza Euskotreneko zuzendariak. “Egun berezia da Euskotrenentzat Bizkaiko garraio erabiltzaile guztiei ematen zaien zerbitzu berri hau garrantzitsua da-eta. Gure informazioaz gain, Bizkaiko garraio guztiena batuko dugu; Bizkaibus eta Renferena”. Hori horrela, garraioaren arloan lan egiten duten erakunde eta enpresa guztien
informazioa “puntu bakarrean” bilduko da.
Busturialdeko herritarrek Bilboraino joan beharrean Bizkaiko garraio publikoko
edozein zerbitzuri buruzko erantzunak jaso ditzaketela Gernika-Lumoko bulegoan esan du Lezak: “Bizkaia osoan enpresa guztiek ematen duten zerbitzuari buruzko informazioa batuko da. Gernika-Lumon ematen diren arazoak eta galderak eskualdean mugitzen diren zerbitzuen araberakoak izango dira, baina, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bulegoa denez, Bizkaia osoko garraioei buruzko informazioa ere emango du bulegoak”. Besteren artean, eskariei eta galderei buruzko informazioa eta zerbitzuei buruzkoa jasoko dute erabiltzaileek.
Garraio arloan lan egiten duten erakunde eta enpresa guztien elkarlana dela Gernika-Lumoko bulegoa adierazi du Lezak, “erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko sortu dena”.
Barik txartelagaz lotutako kudeaketak eta Euskotrenen zerbitzuarekin lotutako izapideak Gernika-Lumotik bideratu ahal izango dira orain.
Ordutegia. Lan egunetan, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara egongo da irekita bulegoa; jai egunetan izan ezik. Udan, 8:00etatik 15:00etara lan egunetan, eta jai egunen arteko zubietan 9:00etatik 15:00etara.