Odol emaileentzako hitzordua, uztailean
Gogoratu! Eman odola oporretan joan baino lehen. Hori da Euskadiko odol emaileek udako kanpaina bultzatzeko aukeratu duten leloa. Eta kanpainari bultzada eman gura diote Busturialdean ere. Hala, uztailean, lehenengo Gernika-Lumora, eta gero, Bermeora helduko da odola emateko autobusa.
Joan den astelehenean izan zen Gernika-Lumon odol emaileentzako lehenengo hitzordua, eta hurrengo astelehenean, uztailaren 9an ere, odola emateko aukera izango dute herritarrek. Uztailaren 13 eta 14an, berriz, Bermeoko Lamerara iritsiko da autobusa. Odolkideak elkarteko kideek deialdi berezia egin diete herritarrei, odola ematera joan daitezen.
Uda garaian, odol emateen kopurua %40 gutxitzen da, eta beharrizanak urte osoan zehar daudela gogoratu dute Odolkideak taldekoek. “Udan ebakuntzak murrizten diren arren, aparteko beharrizanak asetzeko beharrezkoa da gutxienezko odol kopurua izatea; ospitaleteko odol beharrizanak asetzeko gai izatea, alegia”.
Herritarrak opor garaian kanpora joatea da odol ematea gutxitzearen arrazoietako bat, eta udan dagoen odol “makaltasunaz” herritarrak kontzientziatu nahi dituzte Odolkideek, “beharrizanak beti egon daitezkeelako”. Horregatik, odola batzeko, herritarren borondatea beharrezkoa dela gogorarazi dute.
Gernika-Lumo:
-Uztailak 9. Foru plazan, 9:00etatik 14:00etara bitartean, eta 16:30etatik 21:00etara arte.
Bermeo:
-Uztailak 13. Lameran, 17:00etatik 20:30etara bitartean.
-Uztailak 14. Lameran, 9:30etatik 14:00etara arte.