Marian Turski
Auschwitzeko Kontzentrazio Esparrutik bizirik ateratako lekukoak bisitatu du gaur Gernika-Lumoko Batzarretxea. 1975ean izan zen lehen aldiz Gernika-Lumon, eta gaur Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak egin dio harrera.
Batzarretxeko gune ezberdinak bisitatu ondoren, Turskik udalerrian egoteagatik “oso hunkituta” dagoela esan du. Gainera, Gernikako Arbolaren
kimua Auschwitzen landatzea oso garrantzitsua izan zela berarentzat azaldu du, “kontzentrazio esparruan sartu zen lehenengo momentutik hiltzeko zorioan egon zelako, eta Gernika-Lumoko herria txikitatik ikur bezala izan duelako”.
Udalerria bonbardatu zuten hegazkin berdinek Poloniako herri bat bonbardatu zutela azaldu du Turskik, eta horregatik Gernika ikurtzat duela azaldu du: “Ez bakarrik bonbardaketagatik, baita ezbeharrei aurre egiteko gogoengatik ere”. Hori horrela, Gernika izan zela Euskal Herrian egon zenean lehenengoz bisitatu zuen herria aitortu du, eta Gernikari esker Jorge Oteiza ezagutu zuela azaldu.
Turskik Oteizari espainiar eskultorea zela esan zionean Oteiza berarekin haserretu zela aitortu du, eta “euskalduna” zela azpimarratu ziola adierazi du gaur.
Euskararen garrantzia.
Euskal Herrira egindako lehen bisitan gainera, ETAko batzar batean egon zela onartu du Turskik. Garaiko egoera zein zen bazekielako onartu zuela bilerara joatea esan du, eta bilera non izan zen zehatz ez dakiela onartu arren, euskal inguru horretan ez zuela euskararik entzun esan du. Horregatik, batzarrean, “
euskara sustatzeko” esan ziela ETAko kideei azaldu du, hori barik ez zutela ezer lortuko argudiatuz.