Motor hotsa ekarri du IX. Magurios topaketak Bermeora
Urtero legez, Izaro Bikers motorzaleen elkartearen deialdiagaz bat egin dute ehunka motorzalek Bermeon. Atzo hasi eta bihar amaituko den Magurios topaketan hamaika ekintza dituzte aukeran. Aurten gainera, IX. Magurios topaketa ospatzeaz gain, Izaro Bikers taldearen X. urteurrena ospatzen dabiltza, Pergolan.
Goizean motorrak hartu eta Busturia, Mungia, Bakio eta Sollube zeharkatu dituzte ordubete eta erdiko ibilaldian. Irteeraren ostean, berriz, umeen jolasak eta musika izan dituzte parkinean.
Eguerdian, bazkaria egin dute, eta antolatzaileen esanetan 400 motozale inguru bildu dira bertan; denetarik jan dute kuadriletan batuta. Orain arteko giroa “ederra” izan dela aitortu dute antolatzaileek. Motozaleak batu dira goizena, baina arratsalderako eta iluntzerako jende “gehiago” espero dutela esan dute; ez bakarrik motozaleak.
Magurios topaketaren giro ona azpimarratu dute, aurten ere “bikaina” izaten ari dela esanez. Euskal herritarrekin batera, kanpotik etorritako moto gidariak daude topaketan.
Hainbat “ikuskizun berezi” eskainiko dituzte gaur gauean, izan ere Celtas Cortos folk rock talde ospetsuaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute hurbiltzen direnek, eta ondoren Oihan Vega DJaren soinuek girotuko dute gaua.
Biharko egitaraua:
08:00-09:00: Akanpatuentzako dutxen ordutegoa, Pergolako kanpin gunean.
10:00: Motozaleen irteerarako izen ematea.
11:00-12:00: Ibilbidea kostatik.
13:00: Emilio Zamora Stuntmanaren ikuskizuna, Pergolan.
14:30: Bazkaria. Ostean, zozketagaz amaituko dute jaialdia.