Presoak euren aterkipean dituztela erakutsi zuten hainbat herritarrek Sare Gernikak deitutako manifestazioan, atzo.
Dispertsio politika salatu zuten bertan, eta presoen
senideen maletak hustu egin behar direla adierazi zuten.
Behartutako bidaietara presoen familiakoek eramaten dituzten
maletak hustu zituzten manifestazio osteko ekitaldian; gainera, urruti dauden presoen egoera azaltzen zuten
bertsoak abestu zituzten, eta herritarrek
elkartasuna bidali zieten presoei. Horrez gain, euriak lagundu ez bazuen ere, dispertsio politika salatzeko indarrak batu, eta hala egin zuten.
Maletak husteko eskatu zuten ekitaldian.
Konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako momentu egokiena “orain” dela azpimarratu zuten Sareko kideek: “Joan den maiatzaren 4an Kanbon bizitako egun historikoaren ostean, parez pare zabaldu zitzaigun hainbeste sufrimentu sortarazi duen ziklo luzeari amaiera emateko aukera. Elkarrekin lan eginez, elkarreri begiratuz, elkarreri entzunez, eta ditugun adostasunei lehentasuna emanez lortuko da hori; elkarrekin bidea eginez alegia”.
Hori horrela, eguneroko bizitza eta politika
“normalizatzeko” etenik gabeko esfortzuak egin beharko direla aitortu zuten herritarrek. “Giza legekoa” delako, eta sufrimenduari ateak itxi eta konponbideari leihoak zabaltzeko unea delako. Hori da, hain zuzen, Sareko kideen berbetan, “gehiengo sozialak” eskatzen duena. “Ia 30 urtez indarrean dagoen dispertsio politikak euskal preso eta beraien senide eta ingurukoen giza eskubideak sistematikoki urratzen ditu, iraganeko argazki krudela orainari eta etorkizuneko bizitzari untzatuz. Salbuespen politika honegaz bukatu beharra dago”.
Dispertsio politikagaz amaitzeko eskatu zuten manifestazioan.
Oraindik sufrimendua sortzen duten
auziak ere gogoratu zituzten; izan ere, 282 euskal presok beraien senideengandik ehunka kilometrora jarraitzen dutela gogorarazi zuten. “ETAk existitzeari utzi dion arren,
282 euskal preso daude beraien senideengandik
ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen neurriak ezartzen zaizkie”.
Eragindako kaltea errespetuz aitortzeko ordua dela gaineratu zuten Gernika-Lumoko manifestazioan, “besteek jasan dutena zintzotasunez jabetzeko, eta berradiskudetzeko ahalegina egiteko”. Urteetan sortutako
jendarte arrakalak sendatzeko unea dela aitortu zuten beraz, “biktima guztiek merezi dutelako egia, memoria eta erreparazioa”.
Bidaietako osagarriak. Ilusioak eta esperantzak sartzeko euskarria da maleta; maitasunak bidaitazen duen lekua. Baina beti ez da horrela gertatzen, espero baino gehiago baitira behartuta egiten diren bidaietako osagarriak: “Badaude soinean kilometro asko dituzten herritarrak; urte luzez bidaia luzeak egindakoak”. Maleta horiek hustu egin gura dituztela aitortu zuten herritarrek, gertuko arazoa dela arrazoituz: “Bidaia luzeak egiten dituztenak gertukoak dira, herritarrak”.
Hori horrela, dispertsio politikaren ondorioz bidaiak egitera kondenatuak izan diren gernikarren eta inguruko herrietakoen argazki bana egitea pentsatu dute Sareko kideek
hurrengo proiekturako; hau da, Gernikako dispertsioaren argazki kolektiboa osatzeko. Proiektuak harridura sortuko duela badakitela esan zuten Sareko kideek, “kopuruagatik eta perfilagatik”. Eta horrelako erronka aurrera ateratzeko, sarekide guztien laguntza eta beharra dutela esan zuten.
Sarekideek ez dute geldirik geratzeko gogorik, eta euripean bada ere, indarragaz aurrera jarraituko dutela badakite. “Testuinguru berri baten gaude, eta indarrak aktibatzen asmatu behar dogu euskal preso eta iheslarien gaiak aterabide integrala edukitzeko”.
Argazki galeria ikusteko sakatu
hemen.