Gaur goizean Bermeoko Aurrekoetxea kaleko 45 zenbakiko eraikinean jasatako
sutearen ondorioz egin du eskaera Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak.
Argazkia: Bermeoko Udala
Sutea 10:45ean hasi da, eta Udaltzaingoa, udaleko zerbitzuetako langileak, Herri Babesa, Ertzaintza eta Suhiltzaileak lanean aritu ondoren, 11:45ean kontrolatuta izatea lortu dute, lanak 13:10ean bukatuz. Sutean
ez da zauriturik izan, baina dena den, segurtasuna bermatzeko, Herri Babesa eta suhiltzaileak
gunean geratuko dira egun guztian, eta Aurrekoetxea kalea, 43 zenbakitik aurrera,
itxi egingo da ibilgailuentzat.
Kaltetutako eraikinak
hiru etxebizitza dauzka, sutea ganbarak dauden azken solairuan sortu da eta teilatua erori da. Orain, teknikoek eraikinaren egoera
baloratu beharko dute, eta Aurrekoetxea 45eko bizilagunak ezin izango dira momentuz euren etxebizitzetara bueltatu.
Ibarrolazaren berbetan, Bermeoko Udalak
“hainbat aldiz” eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari Bermeon
suhiltzaileen talde finko bat jartzeko. “Gaur Aurrekoetxea kalean gertatutako sute berri hau dela eta, eta kontuan izanda zenbat sute izan ditugun alde zaharrean, gure eskaria aintzat hartzeko eskatzen diogu”, gehitu du.
Horregatik, alkateordeak “berriro ere eskaera hau luzatu” nahi diotela aldundiari, eta “oraingoan eskaerari baiezkoa erantzutea eta ahalik eta azkarren Bermeon suhiltzaile talde finkoa jartzea” espero dutela adierazi du.
Ibarrolazak Aurrekoetxea kaleko 42 zenbakiko bizilagunen laguntza eskertu du: “ezinbestekoa izan da suari aurre egiteko lehengo momentuan, Herri Babesari erraztasun guztiak eman dizkiete 45eko sua itzali ahal izateko lanak egiteko”. Nabarmendu duenez, “laguntza hori oso garrantzitsua izan da sua kontrolatzeko eta ez zabaltzeko”.