Josu Ezkurdia Goienetxe Euskal Herriko artistaren erakusketa ikusgai dago maiatzaren 30era arte Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Gerora gertatuko dena, egin beharrekoa edota izan dena; asko dira eguneroko jarduna egin bitartean pentsatzen diren gaiak. Atzera begira jarriz gero, egindakoa egin zitekeenagaz alderatzea gertatzen da sarri. Baina egindakoa baloratzeko unea ere iristen da, esperientzian oinarritutako erabakietatik eraikitzen baita etorkizuna.
Ibilbide luzeko artisten bizitzetan garai ezberdinak bereizten dira, eta are gehiago Josu Ezkurdia Goienetxe euskal artistak izan dituen bizipenekin. Dituen 92 urteetan izan duen begirada erakusten duen erakusketa da Atzerako begirada, eta Kultur Etxean dago ikusgai hilaren 30era arte.
Ezkurdiaren erakusketako lana
Gaztetatik ekin zion margotzeari Ezkurdiak; gaitza izan zitzaion hasieratik bere nortasun artistikoa garatzea, eta berezko formakuntzari ekin zion. Amagandik umezurtza zen, eta gerraren ondorioz, anai-arrebekin Iparraldera joan zen.
Ibilbide artistikoa. Erbestetik itzulita, 13 urtegaz Dario Regoyos margolaria ezagutu zuen, eta «liluratuta» geratu zen bere lanagaz. 20 urtegaz, baina, egin zuen bere lan aipagarriena; Luis Ezkurdia Arenaza bere aita zenaren erretratua. Lan hori ikusgai dago erakusketan.
Egindako lan hori izan zen bere ahalmen artistikoa finkatu zuena, eta margolaritzan modu profesionalean aritzeko gai zenaren proba.
Van Gogh, Renoir, Gauguin eta Da Vinciren edertasuna izan ziren Ezkurdiaren inspirazioa. Hori horrela, Arana, Arteta eta Zuluaga euskal margolariekin identifikatu zen. Kultur Etxeko arduradunek adierazi duenez, artista horien eraginez eta bere lanetan egindako koloreen arteko ikerketen ondorioz, «postinpresionismo» erradikalean kokatzen da bere estiloa.
Euskal ohitura eta folklorea landu zituen batez ere, eta hori da erakusketan ikus daitekeena; Euskal Herriaren aztarna aurki daiteke bere lanetan. Erakusketako obrek bizitzako garai ezberdinak lantzen dituzte, baita ere egoera emozionalak. Herriko paisaiak ere aurki daitezke bertan.
Erakusketa Kultur Etxean
Kultur Etxeko arduradunek erakusketa honegaz Ezkurdiari «omenaldi xumea» egin nahi izan diotela airtortu dute. «Bizitza oso bat lanean eman duen artistari eta familiaren ondoan egon denari omenaldi xumea egin nahi izan diogu, bere lana besteei laguntzeagatik bigarren mailan uzteagatik». Horregatik eta bere emazte zenaren «omenezko adierazgarri gisa» jarri dute Kultur Etxean artistaren ibilbide artistikoa lantzen duen erakusketa.
Atzera begirako erakusketa horrek, beraz, 92 urtean egindako lana agerian uzteko balio izan du. Ezkurdiaren bizitzako pasarte gogorrek margolari esanguratsu baten moduan definitu dute; bizitzan egindako aukerak egin beharrekoak izan zirela argi utziz.