OHZk taldekide eta kolaboratzaileak gogoratu ditu Antxoa Egunean
Herriaren alde egiten dute lana eskertu nahi izan dio OHZri Z. Antxoa Egunak jendetza batu du Alde Zaharretik hasi eta Itsasaurrerarino. Beikozinik irabazi du pintxo lehiaketaAurtengo Zilarrezko Antxoaren irabazleak, Ondarroako Historia Zaleak (OHZ) el...
Herriaren alde egiten dute lana eskertu nahi izan dio OHZri Z. Antxoa Egunak jendetza batu du Alde Zaharretik hasi eta Itsasaurrerarino. Beikozinik irabazi du pintxo lehiaketa
Aurtengo Zilarrezko Antxoaren irabazleak, Ondarroako Historia Zaleak (OHZ) elkarteko kideak, taldekideak eta kolabaratzaileak izan zituen gogoan Antxoa Egunean saria jasotzean. 2001ean sortu zen OHZ, eta harrez gero, asko izan dira taldetik igaro direnak.«Gure artean ez daudenak» izan zituzten gogoan, eta ez zuten aipatu barik utzi nahi izan Imanol Oruemazaga Baseta historiazalea. «Bere burugogorkeriagatik batu ginen, eta bera izan zen talde honen motorra», azaldu zuen Rosana Goikoetxeak denen izenean. Joxe Martin Apalategi ere gogoratu zuen, herrikoa ez izan arren, Ondarrumaitea izanik egin zuen lanagatik. Beatriz Zubikarai ere ez zuen ahaztu: «Augustin Zubikarai zenak sortutako urtekariari jarraipena eman nahi izan diogu sorreratik, eta haren alaba Beatriz Zubikaraik beti kolaboratu izan zuen gugaz, eta ezin gara berataz ahaztu aipamenetan».
Ondarroako Udalak herriaren alde egiten duten lana eskertu nahi izan dio OHZri sariagaz, «herriaren memoriak iraun dezan hain beharrezkoa den lana egiteagatik». Txalo artean jaso zuten oroigarria, hunkituta.
Goikoetxeak gaineratu zuenez, orain hamazazpi urte hasi ziren lanean, «txinurriak» modura. «Gure helburua zen gure arbasoen oroitzapena bizirik mantentzea. Poz handia eman digu sari hau jasotzeak, ze aurrera egiteko indarra ematen digu. Eskerrik asko Ondarroako Udalari, eskerrik asko gure laguntzaile guztiei, asko gara eta danok ez gaude hemen. Ezkutuko lan handia egiten da, lan asko dago nahi duenarentzat. Eskerrik asko Ondarroako herriari, etxeetako, ganbaretako ateak zabaltzeagatik. Eskerrik asko».
Azkenik, herritarrak animatu zituen laguntzera, argazki zaharrak batzeko eta herriko jende nagusiarengana ailegatu eta elkarrizketen bidez haien testigantzak jasotzeko.
Zortzi taberna
Antxoa Egunak, bestalde, jendetza batu zuen. Alde Zaharretik hasi eta Itsasaurreraino ibili zen jendea eguerdi partean. Gaitza zen oinez leku batetik bestera joatea. Bidean, kontserba postuak, Zubi Zahar herri ikastolaren txosna, baserritarren eta artisauen produktuen erakusmahaiak… Asko eskaini zuen jaiegunak. Kantaize orfeoiak, trikitilariek eta Metal taldeak giroturik igaro ziren lehen orduak, eta 14:00ak pasatxo, sarien momentua ailegatu zen.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, berriz, «bizi ahal izateko» hitzarmena eskatu zuten Bizkaiko Arrain kontserb eta gazituen industrian lan egiten dutenentzat (emakumeak dira gehienak).
Zortzi tabernak parte hartu dute aurten pintxo lehiaketan, eta epaimahaikideek Beikozinikoari eman dizkiote puntu gehien. 39 puntu jaso zituen pintxo irabazleak, eta egileek esan zutenez, itsasoa eta lurra nahastu zituzten egiterakoan. Iazko irabazle Cantabriko geratu zen bigarren, 29 puntugaz, eta 3. postuan berdinketa gertatu zen Txanpa eta Sutargiren artean; biek ala biek 28 puntu jaso zituzten.
Arratsaldeak frontoira eroan zuen ikusikizuna. Kantxan bildurik, Andoni Egaña eta Iratxe Ibarra botilleroak eta Mikel Olazabal eta Maite Ruiz de Larramendi (gorriz) eta Iñaki Esnal eta Maider Mendizabal (urdinez). Patri Espinar izan zen aurkezlea, eta Xabier Arrizabalaga Txirloi herriko pilotariak jardun zuen epaile lanetan. Bertsoz bertso, harmailak betetzen joan ziren, eta ikusleek jokaldi ederrez gozatu ahal izan zuten. 22ra jokatzekoa zen partidua 25era lehenengo eta 28ra ondoren luzatu zuten, urdinek markagailuan gerturatzeko aukera izan zezaten, eta oraindik ere «fresko» zeudelako botilleroen iritziz. (28-19 amaitu zen partidua). Edonola ere, parekidetasunak irabazi du zapatuan.
Balorazio «oso positiboa»
Antxoa Eguneko balorazio «oso positiboa» egin du udalak. Udal ordezkariek agertu dutenez, giroa eta parte hartzea ezinhobea izan dira, eta udalak herritarrei euren parte hartzea eta auzolana eskertu nahi izan die. «Udalak antolatzen duen bigarren urtea izan da eta herritarrek lasaitasunez hartzen dute festa orain. Asmatu genuen herriarentzako horren garrantzitsua den eguna berreskuratzean, eta herritarrek eskertu dutela uste dugu», agertu du Iñaki Lersundi kultura zinegotziak.
Tamalez, festaz gain lapurreta saiakerak izan direla ere salatu dituzte herriko hainbat komertziok. «Udalak jakin ahal izan duenaren arabera, erantzuleak atxilotu egin zituen ertzaintzak».