Elkartasunezko olatu urdina
'Gu be zuek gara' maratoi solidarioan ehunka pertsona bildu ziren domekan. La Cuadri del Hospi taldearen aurreikuspenak gainditu ditu ekitaldiak.Marea bizietan olatuak handiak eta mugimendu nabarmenekoak izan ohi dira. Itsasoa mugimenduz betetzen duten...
‘Gu be zuek gara’ maratoi solidarioan ehunka pertsona bildu ziren domekan. La Cuadri del Hospi taldearen aurreikuspenak gainditu ditu ekitaldiak.
Marea bizietan olatuak handiak eta mugimendu nabarmenekoak izan ohi dira. Itsasoa mugimenduz betetzen duten elementuak dira olatuak, eta asteburuan, Gernika-Lumon elkartasunezko olatuek marea urdina sortu zuten.Urdinez jantzi ziren udalerriko kaleak domekan, ehunka herritarrek eta inguruko bizilagunek bat egin baitzuten bigarrenez ospatu den Gu be zuek gara maratoi solidarioagaz.
Aurtengo elkartasun maratoiaren helburua tratamendu onkologikoan dauden haur eta nerabeentzako eta beraien familientzako Barakaldoko Gurutzea auzoan arnasgune izango den itxarongela bat egokitzea izan da. Antolatzaileak «oso positibo» agertu dira jendearen erantzunagaz, eta aurreikusten zutena baino jende gehiago gerturatu zela aitortu dute.
Une hunkigarriagaz hasi zen elkartasun jaialdia domekan; izan ere, leuzemia pasatu duten eta ospitalean ezagutu ziren bost gaztetxok eman zioten hasiera ekitaldiari: «Ospitalean ezagutu ginen leuzemia pasatu dugulako, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu gaurko ekitaldian parte hartzeagatik. Ospitalean dauden haur guztientzako oso garrantzitsua da gure laguntza». Hitz horiek esanda, eta «ondo pasatzeko» gonbidapena eginda, elkartasun jaialdiari hasiera eman zioten gazteek; lasterketaren irteeran zegoen zinta moztu zuten.
Gernikarrek zein udalerriko inguruko bizilagunek ez zuten hutsik egin, eta beste behin, elkartasunak ez duela mugarik agerian geratu zen.
Beste urte batez, tonbola solidarioak jendetza batu zuen. Herriko merkatariek, norbanakoek, ikastetxeek zein enpresek emandako askotariko produktuak jarri zituzten bertan, eta herritarren parte hartzea nabarmena izan zen.
Jai giroa
Goizetik nagusitu zen jai giroa Pasealekuan eta inguruko kale zein tabernetan.
Minbiziagatik ospitalean ezagututako bost haurrek zinta moztu ostean, 5 kilometroko lasterketa burutu zuten haur, gazte zein nagusiek. Bakoitzak bere erritmoa mantenduz, eta poztasunez eta elkartasunanez beteta, Pasealekuan bukatu zuten Merkurion hasitako lasterketa. 5 kilometroko lasterketaren ostean, 500 metroko lasterketaren txanda izan zen.
Tailer, puzgarri eta jolasetan ondo baino hobeto pasatu zuten umeek, eta jateko, paella solidarioa dastatzeko aukera egon zen.
Umeek jolastu bitartean, Oxabi erromeriaren kontzertua hasi zen, eta Pasealekua girotzen aritu ziren taldekideak hainbat orduz; erromerietako abesti ezagunak entzuteko eta haiekin dantza egiteko aukera eduki zuten bertaratutakoek. Kantaz kanta, gainera, Euskal Herriko hainbat tokitako abeslari ezagunak igo ziren agertokira, eta beraien elkartasuna adierazi zuten; tartean Dientes de Lunako taldekideak eta Gatibuko Haimar Arejita eta Alex Sardui.
Antolatzaileen esan modura, beraiek egindako «ahalegina handia» izan da, baina «egun zoragarri eta jendetsua» elkartasunez batzeko baliozkoa.
Olatuz olatu marea urdina bihurtu zen Gernika-Lumoko Pasealekua; minbizia duten haurrei laguntzeko gogoa herrian badagoela argi geratu zen.