Pentsio duinak aldarrikatzeko hitzaldia bihar, Gernika-Lumon
Busturialdeko pentsiodunak pentsio duinen alde egiteko astelehenero batzen dira herri ezberdinetako plazetan; baita Gernika-Lumoko foruen plazan ere. Pentsio duinen aldarrikapena nabariagoa egiteko, hitzaldia emango dute bihar 19:00etan, udalerriko Elai-Alai aretoan.
Mobilizazio handi bi egin dituzte dagoeneko Euskal Herrian, eta hirugarrena maiatzaren 26an egingo dute pentsiodunek. Hori horrela, Busturialdeko pentsiodunen martxako kideak bakoitzaren ideiak zehaztea beharrezkoa dela uste du: “Aldarrikapena egiteaz gain, herritarren buruak ideologikoki zehaztea ezinbestekoa da”.
Maiatzaren azken zapatuko mobilizazioari begira antolatutako ekimena da biharkoa, “ideiak sakontzeko” balioko duena. Jentearengana hurbiltzeko beste modu bat da hitzaldiena, “oihartzuna lortzeko eta egoera horretan dagoen jendearengana hurbiltzeko”.
Biharko ekitaldia bi saiotan banatuko da, alde batetik parte teorikoa landuko dute, eta bestetik, azkenaldiko mobilizazioei buruz hitz egingo dute. Mikel de la Fuente EHUko irakaslea aditua da pentsioen alorrean, eta berak emango du pentsioen orainaren eta etorkizunaren ikuspuntua. Ondoren, Xabier Isasa Pentsionistak martxan taldeko kidea ariko da egin diren mobilizazio eta aldarrikapenei “esanahia” ematen.
Bilerara bertaratutakoek beraien ideik plazaratzeko aukera izango dutela adierazi du martxako kideak. Izan ere, hausnartzeko, zalatzak argitzeko edota desadostasunak plazaratzeko aukera izango dute parte hartzaile guztiek.
Astelehenetako mobilizazioak. Zehaztu dutenez, mantendu egin da pentsiodunen parte hartzea azken astelehenetan Gernika-Lumon. “Astelehenero udalerriko edota inguruko 250 pertsona inguru batzen gara, baina, asko falta dira oraindik. Antolatutako hitzaldiek jendea animatzeko helburua dute, baita borrokan dagoenaren egoera azaltzeko”.
Borroka barik ez dagoela ezer lortzerik uste du Pentsionistan martxan taldeko kideak, eta “gobernuen azken proposamenak mobilizazioen ondorioa” izan direla azaldu du.