Nekazarien egunean, landareak plazara
San Isidro eguna ospatu dute Ibarrangelun, Muruetan, Lumon, Ajangizen eta Mutrikuko Olatzen. Landareak, kirol jarduerak eta herri bazkariak izan dira aukeran nekazarien egunean.Nekazarien eguna da San Isidro, nekazaritza mundua baserri eremutik atera e...
San Isidro eguna ospatu dute Ibarrangelun, Muruetan, Lumon, Ajangizen eta Mutrikuko Olatzen. Landareak, kirol jarduerak eta herri bazkariak izan dira aukeran nekazarien egunean.
Nekazarien eguna da San Isidro, nekazaritza mundua baserri eremutik atera eta herriko plazetan ospatzen den egun seinalatua. Urtero legez, nekazariek jai giroz bete zituzten atzo eskualdeotako herriko plaza eta tabernak. Ibarrangelun, Muruetan, Lumon, Ajangizen zein Mutrikuko Olatz auzoan ospatu zituzten sanisidroak.Nekazarien eguna festa giroan igarotzeaz gain, nekazaritzak egunerokoan duen garrantzia azpimarratzeko eguna ere izan da maiatzaren 15a Ibarrangelun; landareak lurretik ateratzeagaz batera, gazteak nekazaritzan murgiltzea helburu izan zuen egunak. Haziak lursailean ez ezik, gazteengan ere erein behar direla aldarrikatzeko eguna izan zen Busturialdeko herri horretan.
Horrela, belaunaldi guztietako herritarrak elkartu ziren plazan. Ibarrangelu herri nekazaria dela aldarrikatu nahi izan zuten, eta horretarako, San Isidro santuaren bizitzari buruzko antzerki txikia egin zuten Ibarrangeluko Merkatua elkarteko kideek Haizeder Eskolako umeen eta herritarren aurrean; Isidro santuaren nekazal bizitza antzeztu zuten.
Horren ostean, Haizeder eskolako umeek landara banaketa egin zuten baserritar arropak soinean jantzita; eskolako ortua hobetzeko asmoagaz, zenbait barazkiz osatutako landareen kit-a banatu zuten. Plazara joandako herritarrak landareekin bueltatu ziren etxera.
Goizetik berotu zen herriko giroa Ibarrangelun, eta eguerdian, trikitilarien musikagaz jarraitu zuen festak.
Tradizioak agindu modura, Lumon ere San Isidro eguna ospatzen zuten. Urtero legez, meza egin zuten, eta lumotarrek prozesioan atera zuten santuaren irudia plazara.
Ajangizen eta Mutrikuko Olatz auzoan ere ospatu zituzten sanisidroak; meza eta bazkariagaz ospatu zuten eguna ajangiztarrek eta mutrikuarrek.
Kirolagaz hitzordua
Herri txikietan festa handiak izaten dira, eta Ajangiz zein Mutrikun egin modura, meza egin zuten Muruetan, atzo.
Urtero egin izan duten moduan, hamaiketakoa, herri bingoa eta bola txapelketa izan zituzten aukeran, baita eskola arteko sokatira txikia ere. Idi probek beraien lekua izan zuten, eta txokolate jana ere egon zen. Hala ere, aurten, atzo ez ezik, domekaz ere ospatu zituzten festak Muruetan.
Danborrada txikia egin zuten herriko txikienek, eta aizkolari nagusi zein gazteek hartu zuten lekukoa. Kirola eginez jarraitu zuten ondoren herriko frontoian; izan ere, Murueta sokatira taldearen eta Gernika Rugby taldekoen arteko norgehiagokoa egin zuten bertan. Txokorrak batzen aritu ziren lehenengo, eta kirol ikustaldia egin zuten gero. Errugbilariak uztartzean eta etxekoak sokari tiraka aritu ziren frontoian, eta alderantziz egin zuten ostean; talde biek kirol modalitate biak probatuz.
Bazkaltzeko unean 250 bat lagun batu ziren. Giorgio Rodri magoaren ikuskizuna izan zuten, baita Rock&Kids band in concert dantza eta musika ikuskizuna ere.
Janariagaz, mezagaz, kirolagaz eta landareekin ospatu zituzten, beraz, sanisidroak eskualdeotako herrietan.