Busturialdeko errefuxiatuekin elkartuko dira eatarrak, domekan
Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Busturialdeko errefuxiatuei ongi etorria egingo diete Ean, domekan.
“Desparekotasunagatik,arrazoi sozial eta politikoengatik, gerrengatik, giza eskubideen bortxaketagatik eta pobreziagatik beraien lurraldetik alde egin behar izan duten pertsonentzako” harrera ekitaldia antolatu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek. 13:00etan Eako frontoian burutuko da harrera ekitaldia, eta ostera argazki erraldoia aterako dute.
14:30ean bazkaria egingo dute Eskolondon; partekatzeko bazkaria izango da. Besteak beste, yucako kus-kusa, sushia, arroza eta afrikar erara sukaldatutako oilaskoa izango dira bazkaltzekoak.
17:00etan tertulia egingo dute, eta bertan, Nana proiektuaren nondik norakoez hitz egingo dute. Boli kostatik Euskal Herrira bidaia eta Marokotik Euskal Herrira bidaia deitutako hitzaldiak ere emango dituzte.
Kulturarteko musikaz eta perkusioaz girotutako eguna bukatzeko, 18:00etan otzara zozketa gauzatuko dute.
Izen ematea. Domekako bazkarian egoteko aurretiazko izen ematea beharrezkoa da; barikua da apuntatzeko azken eguna, eta parte hartzeko hurrengo telefono zenbakira deitu behar da: 626 95 58 74