Langileon eskubideen defentsan borrokan jarraituko dutela adierazi dute LABekoek Langileen Egunean. Emakumeak, pentsionistak, gazteak, eta Arrotegiko langileak LABeko sindikatuagaz batera atera dira beraien eskubideak defendatzera Gernika-Lumon.
12:30ean atera da herriko erdigunea inguratu duen manifestazioa. Lehenengo lerroan sindikatuaren aldarrikepan joan da, langileen egunean langileen eskubideen alde borrokatu behar dela adierazten zuena. Atzean, bigarren lerroan, Arrotegiko langileen aldarrikepenak izan du lekua; bertan, zuzendaritzaren murrizketak salatu dituzte. Emakumeek ere presentzia nabarmena izan dute manifestazioan, emakumeen piketea osatuz, eta emakumeen garrantzia azpimarratzen zuten pankartekin beraien eskubideak defendatuz.
Eskualdeko pentsionistek berarien borrokari jarraipena eman diote gaurkoan, langile guztien eskubideak eta pentsionistenak balorean jartzeko eskatuz. Gazteak ere izan dira bertan, eta okupazioa borroka tresna moduan hartuz, gazteentzako enplegu duinak eskatu dituzte.
Emakumeak maiatzaren 1ean
Aldarrikapen asko egin dituzte herritarrek manifestazioan, gero hitzaldian jarraitu dituztenak. Besteak beste, Euskal Herrian lan eta bizi, berton erabaki, Kapitalismoa terrorismoa da, Gora emakumeen borroka, Lan postu duinak gazteentzat edota Etorkizuna borroka dezagun izan dira herritarrak manifestazioan oihukatu dituzten esaldiak.
Hitzaldia. Lanpostu guztiek beraien balioak dituztela, eta balorean jarri behar direla adierazi dute LABekoek eguerdiko ekitaldian. “Egunero ikusten dugu ekonomia kapitalistak gero eta bazterketa, desberdintasun eta injustizia handiagoak sortzen dituela. Lanaz ari garenean, enpleguaz haratagoko lanaz ere ari gara, lan guztiak baloratu behar ditugu, ikusezinak direnak ere. Izan ere, horiek dira ekonomiaren egitura osoa eusten dutenak”, aldarrikatu dute LABekoek.
Zaintza dela lan ikusezin horietako bat azaldu dute, eta Busturiko Arrotegi Zaharren etxeko langileek hartu dute hitza. Guztien izenean, Marijose Eskribano aritu da, eta azken hilabeteetan lanuzteak egiten dabiltzala gogoratu du. “Azken lau hilabeteetan enpresagaz akordio batera iristeko ahalegin asko egin ditugu, baina, batzorde patronalak eta zuzendaritzak ez dute akordiora iritsi nahi izan. Horregatik, langileok argi daukagu borrokan jarraitu nahi dugula; borrokatzen badugu galdu dezakeegu, baina borrokatzen ez badugu, galdu dugu”.
Langileen borroka azpimarratu eta gero, emakumeen aldarrikapena heldu da. Maite Alvarez feministak emakumeen mundu martxako adierazpena irakurri du azken hilabeteetan Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako hilketak salatzeko: “Hilabete gogorra izan da Gasteizko eta Donibane Garaziko erailketekin, baita San Ferminetako talde bortxaketaren epaiagatik ere. Gaurkoan, maiatzaren 1ean, argi adierazi nahi dugu, euskal emakume langileok bizi dugun egiturazko indarkeria”. Emakumeen bizitzek garrantzia dutelako, eraso guztiek erantzuna izango dutela esan dute; pare pare agertuko direla emakumeak.
Pentsionistak Maiatzaren 1ean
Pentsionistek ere egin dute beraien aldarria Merkurion. Pentsionistak martxan plataformakoak “pentsio duinen alde” kalera atera direla azaldu du, eta denon eskubideen alde borrokatu dutela esan: “Borroka hau ez da pentsionistena bakarrik. Gure oraina da, baina gazteen etorkizuna”. Gainera, Euskal Herrian pentsio publiko eta duinen alde borrokatzen jarraituko dutela aldarrikatu du, “gutxieneko duina bermatu behar delako”.
Azkenik, LAB sindikatuko eskualdeko idazkaritzako kide den Ramon Garaizar aritu da. “Konpromiso berriak gureganatu behar ditugu. Eragile guztiok gatazkaren ondorioak gainditzeko inplikatu behar gara”, adierazi du, euskal preso eta iheslariak etxera hurbiltzea eskatu baino lehen. EAJ alderdi politikoarentzako Madril Euskal Herria baino hurbilago dagoela salatu du, eta estatuko aurrekontuak babestu nahi dituztela esan du. “Badugu indarra eta nortasuna borrokan jarraitzeko. Gure eskualdean aldaketarako griña bizirik dago, pentsiodunak, emakumeak edota gazteak. Hemen daude gaurko borroken gakoak, eta deszifratu egin ditugu, garaiko gatazkak etorkizuneko erronkekin uztartuz”. Baina aldaketa ez dela “nahigabe” etorriko, eta “borrokatu” egin behar dela esan du Garaizarrek. “Harresiak langileei barik, kapitalismoari jarri behar zaizkio”.
Langileen borrokaren alde oihu eginez eta eusko gudariak abestia kantatuz bukatu dute.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.